Larunbat eguerdian hasiko dira Algortako Portu Zaharreko jaiak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko abu. 8a, 12:08

Ohi ez bezala, larunbat eguerdiko 12etan txupinazoa botaz emango diete hasiera Portu Zaharreko jaiei Algortan. Ordutik aurrera, festa lau egun eta gauez gozatzeko aukera edukiko dute algortarrek zein kanpotik etorritakoek, asteazken goizeko 6etan Txo panpina erre bitartean. Hala ere, 18:00ak arte itxaron behar izango dute guztiek koadrilen jaitsiera entzutetsua ikusteko. Plentziako zanpantzarrek, Irrintzi txistu taldeak eta Ardoa Barrura fanfarriak lagunduta, KGBZ (Konorte Gabeak eta Bai Zera) iazko koadrila irabazleak zabalduko du Maria Kristina parkea eta Portu Zaharra arteko bidea, bertan pregoia irakurri eta Txo zintzilikatzeko. Hala ere, aurretik, haurren koadrilak izango dira lehenengoak bide hori egiten, 12:15ak aldera Kasino plazatik abiatuta. Argazkian, horrenbeste ikusmin pizten duten antzarren jazoaldiak / portuzaharra's Fotolog.

Igandearekin, hilak 10, Portu Zaharreko hondartzatxoan urtero egiten diren eta horrenbeste ikusmin pizten duten ikuskizunetatik gehienak egingo dituzte: helduentzako nasapuntakoa eta jausi lehiaketa murrutzar handian, 12:30ean (txikiek ordu erdi lehenago izango dute horretarako aukera murrutzar txikian); eta sokamuturra (zutikako nasapuntakoa), 17:00etan, hurrenez hurren. Antzarrak (jazoaldiak), berriz, astelehenean izango dira, 12:30ean hasita; Umeen Egunarekin batera. Gau horretan ere egingo dute akelarrea. Baita koadrilen play-backa aparkalekuko agertokian ere. Azkenik, astearteko Pijana Egunerako, ohikoa den marmitako txapelketa antolatu dute. Sari banaketaren ostean, berriz, Dj Bullek girotuko du Portu Zaharreko plaza.

Egitaraua:

Abuztuak 9, larunbata

12:00 Txupinazoa eta jaien hasiera.
12:00-14:30 Haurrentzako jolasak eta Munduko Jolasak ludoteka aparkalekuan.
12:15 Haur koadrilen jaitsiera Kasino plazatik Ardoa Barrura fanfarriarekin.
12:30 Beteranoen estropada.
13:00 Haur karaokea plazan.
17:30-20:30 Haurrentzako jolasak eta Munduko Jolasak ludoteka aparkalekuan.
18:00 Koadrilen jaitsiera Maria Kristina parketik Plentziako Zanpantzarrekin, Irrintzi Txistu Taldearekin eta Ardoa Barrura fanfarriarekin. KGBZ-k (Konorte Gabeak eta Bai Zera), 2007ko jaietako koadrila txapeldunak aurrean jaitsiko da eta Txo eramango du.
19:30 Sardina jana Portu Zaharreko plazan. KGBZk pregoia irakurriko du Portu Zaharreko plazan. Txo ipiniko da.
21:30 Haurrentzako zinema Pedro Bilbao doktorea plazan.
22:30 Suzko zezena aparkalekuan Guzurti eta Zoro pirotekniaren eskutik.
23:30 Kontzertua aparkalekuko agertoki handian: Tapia eta Leturia.

Abuztuak 10, igandea

11:30 Buruhandiak.
11:30-14:30: Haurrentzako parkea eta hankapalu tailerra aparkalekuan.
12:00 Haurrentzako nasapuntakoa murrutzar txikian.
12:30 Helduentzako nasapuntakoa eta jausi lehiaketa murrutzar handian.
13.00 Igela eta tiragoma txapelketa Portu Zaharreko plazan.
17:00 Sokamuturra hondartzan.
17:30-20:30 Haurrentzako parkea eta hankapalu tailerra aparkalekuan.
18:30 Herri kirolak: Bizkaiko gurdi-joko txapelketa, egur mozketaren erakustaldia (arpana, motozerraz aulki bat egin), trontza eta motozerra areto desafioa.
19:30 Sardina jana Portuko plazan.
20:00 Kantu-poteoa.
21:30 Haurrentzako zinema Pedro Bilbao doktorea plazan.
22:00 DJ-a eta kontzertuak aparkalekuko agertokian: DJ Tekierokomoamigo, Patada en la papada, Ukabilkada.

Abuztuak 11, astelehena
Umeen eguna

10:30 Buruhandiak.
11:00 Umeentzako marrazki lehiaketa Etxetxun.
11:30-14:30 Haurrentzako parkea eta Munduko Jolasak ludoteka aparkalekuan.
12:30 Hamaiketakoa Portuko Amama eta aititeentzat Etxetxun.
12:30-14:00 Ginkana.
12:30 Antzarrak hondartzan.
13:00 Haurrentzako marrazki lehiaketaren sari banaketa Portuko plazan.
17:30-20:30 Haurrentzako parkea eta Munduko Jolasak ludoteka aparkalekuan.
18:30-20:00 Ginkana.
19:00 Barbis taldearen kontzertua murrutzar handian, Malas Kompañias taldeak aurkeztuta: Ukelele jaunaren ikuskizuna, umorea eta kaleko zirkoa, ikuslego guztiarentzat.
19:30 Sardina jana Portuko plazan.
20:30 Kapoeira eta break-dance ikuskizunak aparkalekuko agertoki handian.
21:30 Haurrentzako zinema Pedro Bilbao doktorea plazan.
22:00 Euskal dantzak murrutzar handian Itxas Argia taldearekin.
22:30 Suzko zezena, aparkalekuan.
23:00 Namalantzan dantza taldea. Koadrilen play-backa aparkalekuko agertokian.
00:00 Akelarrea murrutzar handian.

Abuztuak 12, asteartea
San Nikolas sasieguna, Pijama eta Beteranoaren eguna

09:30 Marmitako lehiaketarako izen-ematea.
10:30 Haurrentzako arrantza lehiaketa erriberan.
11:30-14:30 Haurrentzako parkea eta perkusio tailerra aparkalekuan.
12:00 Marmitako lehiaketa Portu Zahar osoan zehar. Lapikoak epaimahaiari aurkeztu behar zaizkio Etxetxun 14:00ak baino lehenago.
13:30 Arrantza lehiaketaren sari banaketa Portuko plazan.
17:00 Bertsolariak Portuko plazan.
17:30 Marmitako lehiaketaren sari banaketa.
18:00 Dantza Portuko plazan: DJ Bull.
21:00 Koadrilen lehiaketaren sari banaketa Portu Zaharreko plazan.
21:30 Haurrentzako zinema Pedro Bilbao doktorea plazan.
22:30 Kontzertua: Besterik gabe.

Abuztuak 13, asteazkena

06:00 Txo erreko da murrutzar handian eta festa amaierako traka.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun