Portu Zaharreko jaien atarian, Algorta eta inguruetako emakume gazteek asanblada bat egin eta gero, eraso sexistak ekiditeko eta salatzeko dinamika berri bat abiatzea erabaki dute. "Emakumeonganako indarkeria kasu ezberdinak ematen ari dira. Getxon, bortxaketa saiakeren salaketa asko jarri izan dira azkenaldian, baina herritarrok ez daukagu gertaera hauen berririk. Are gehiago, horrelako gertaerak ezkutatzen ari dira, kontatzea komeni ez delakoan. Bien bitartean, emakumeok kaletik aske ibiltzeko eskubidea urratua izaten jarraitzen dugu. Kaletik gauez bakarrik goazela beldurrez eta erasotua izateko arriskuarekin egiten dugu", ohartarazi dutenez. Hartara, salaketa egiteaz gain, "jaikitzera, defendatzera eta aurre egitera" deitu dituzte emakumeak. "Tresna bat, txilibitua, eskuragarri jarri dugu, zeinaren bitartez erasoaren edota erasotua izateko arriskuaren berri emateko erabiliko den. Hori dela eta biztanleriaren ardura eta inplikazioa ezinbestekoa da, txilibitua entzundakoan aurre egiteko ardura!", adierazi dute. Erasorik edo saiakerarik egotekotan txosnetara jotzea ere premiatu dute.