Atzoko San Lorentzo azokan "jasotako irainen aurrean elkartasuna" adierazi dio gaurkoan, Marisa Arrue Getxoko Alderdi Popularraren buruari, Luis Almansa tokiko PSE-EEren bozeramaileak. "Edozein herritar bezala lekua bisitatzeko eskubidea dauka, irainik edo erasorik jaso gabe", adierazi duenez, eta Imanol Landa alkateari eta Ertzaintzari eskatu die Algortako Portu Zaharreko jaietan "beharrezko neurriak har ditzatela, herritarrak normaltasun osoz goza dezaten festetan, eta terrorismoaren apologia edo goraipamena suposatzen duten ekintzak ekiditeko". Bada, Arrueren ohiko paseotxoa baino ordu batzuk lehenago, mota guztietako pankartak kendu zituen txosna gunetik polizia autonomikoak. Bitartean, Antonio Basagoiti Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako PPren buruak "Balzaren poliziaren" kontrako -atzo Getxoko udaltzainen "utzikeriaz" ere berba egin zuen Arruek- kritika hitzak izan ditu ahoan, "toki horretan ez agertzeagatik". Argazkian, Almansak eskatu aurretik ere Algortako Portu Zaharreko jaietan agerraldia egin zuen Ertzaintzak / Etengabe.
Basagoitik Javier Balza Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak Algortako San Inazio eta Itzubaltzeta / Romo eta Pinuetako jaien aurretik botatako hitzak ekarri ditu gogora, hots, Getxo udalerriko jaietan polizia kopurua areagotuko zutela; baita horiek hitzak bakarrik zirela ulertzera eman ere. Udalaren ustez, baina, "Algorta eta Itzubaltzetako jaietan istiluek behera egin dute". Azkenik, Imanol Landa alkateak, PPko zinegotziek, “beste edonork bezela, nahi duten lekutik, irainik eta mehatxurik jaso gabe lasai paseatzeko duten eskubidea" aldarrikatu du, eta hartara, San Lorentzo azokan atzo gertaturiko "istiluen aurrean izandako jokabide profesionalarengatik" zoriondu du Udaltzaingoa. “Bere jardunbide profesional arduratsuari esker, erasotzaileen aurrean segurtasun lerroa osatu eta istiluak ez ziren larriagotu, ezbehar handiago bat ekidituz”, adierazi duenez.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.