Euskal Herriko 30 bertsolari aipagarrienetakoek esku hartuko dute, BBKren eskutik, Bilboko Aste Nagusiko zortzi egunetan zehar egingo diren saioetan, aurrezki kutxa bizkaitarreko iturriek prentsa ohar bidez gaur jakinarazi dutenez. Ekitaldiotan eskarmentu handiko bertsolariek, hala nola, Andoni Egañak eta Sebastian Lisazok, hainbat lurraldetako txapeldunek eta zeresan handia emango duten bertsolari gazteenek ere zaleen gozamenerako bertsoak eskainiko dituzte. Azken horien artean, Jone Uria algortarra eta Oihana Bartra santutxuarra eta Itzubaltzetako bertso eskolako irakasle ohia arituko dira, abuztuaren 19an. Hilaren 17tik 24ra arte, saio guztiak 13:00etan egingo dira Zazpi Kaleetako Santiago plazan. Salbuespen bakarra hilaren 20a izango da, egun horretan Paya anaiek, Xabik eta Fredik, bertso-bazkaria eskainiko baitute leku berean, baina 13:30ean. Argazkian, Jone Uria, apirilaren 25ean Larrabetzuko Hori Bai gaztetxean jokatutako Ipar Uribeko VII. Bertsolari Txapelketako bigarren kanporaketan. Bera izan zen nagusi saio horretan.