Produktuen aniztasuna eta kalitatea izan dira aurten ere San Lorentzo azokaren ezaugarri nagusiak. Barazkiak, txerrikiak eta ahatekiak, lekaleak, txakolina, euskal pastela, tradiziozko okintza, gozokiak, landareak eta loreak, gaztak, eztia eta beste hainbeste produktuak egon dira salgai merkatuan. Ohikoa denez Euskal Herri osotik etorritako ekoizleek etorri dira Algortara bere salgaiekin.
Barazki, landare eta gazta lehiaketak
Eguerdian ekoizle askok espero zuten momentua heldu da, epaimahaiak barazki, landare eta gazta lehiaketen emaitzak jakinarazi baititu. Aurten, barazki lehiaketan, Urdulizko Adela Andikoetxeak lortu du lehenengo saria, Barrikako Jose Ramon Intxaurtietaren eta Urdulizko Maria Angeles Andikoetxearen aurretik. Landare lehiaketari dagokionez, Urdulizko Maria Jesus Viteri izan da garaile. Larrondoko Emilio Mateosek eta Barakaldoko Enedina Madariagak eskuratu dute bigarren eta hirugarren saria, hurrenez hurren. Azkenik, gazta lehiaketan, Pedro Zuzuarregi (Tolosa) atera da garaile, Jose Maria Jauregiren (Asparrena) eta Xixario Zalakainen (Oiartzun) aurretik.