Getxoko liburutegiek eta ikasgelek azterketen garaira moldatuko ordutegi berriak jarri dituzte martxan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko abu. 12a, 15:02

Getxoko Kultur Etxeko liburutegietan eta ikasgeletan ordutegiak luzatuko dituzte irailaren 14ra arte, astelehenetik ostiralera, iraileko azterketen aldia dela eta. Halaber, larunbatetan eta igandeetan ere zabalduko dira, eta guztira, gazte getxoztarrek ikasteko 350 leku baino gehiago izango dituzte. Horrez gain, J.B. Zabala eta Romo ikastetxeek eta Getxo I Institutuak ere zenbait ikasgela eskainiko dituzte abuztuaren 18tik irailaren 12ra. Atzo hasita eta irailaren 14ra arte, Villamonteko liburutegiak, Algortan, eta Itzubaltzeta / Romoko Santa Eugenia plazako ikasgelek 170 ikas-leku eskainiko dituzte eta horien ordutegia luzatu egingo da asteburuetan. Horrela, bada, larunbatean goizez eta arratsaldez egongo dira zabalik. Igandean, berriz, Villamonteko liburutegia 16:15etik 20:00etara zabalduko da, eta Santa Eugeniako ikasgelak, 16:00etatik 20:00etara. Argazkian, lau hormen artean ikasi nahi duenak aukera izango badu ere, oraindik orain beste era batez ikastea nahiago dutenak badaude, Ikasle Abertzaleek iaz antolatutako Eskola Ibiltarian parte hartu zuten neska hauek bezala / Theklan.

Bestalde, Algortako San Nikolas plaza, Areeta eta Itzubaltzetako liburutegietan ordutegi berriak abuztuaren 18an abian jarriko dira, irailaren 14ra arte. Liburutegi horietan honako hau izango da ordutegia astelehenetik ostiralera: 8:15etik 14:00etara eta 16:15etik 20:00etara. Larunbatetan, 9:15etik 13:00era eta 16:15etik 20:00etara egongo dira zabalik. Azkenik, igandeetan arratsaldez baino ez dute irekiko, 16:15etik 20:00etara. Halaber, aipatu behar da liburutegi eta ikasgela guztiak abuztuaren 15eko jaiegunean ere egongo direla zabalik.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun