EFE albiste agentziak eta
Alderdi Popularrak berak zabaldu dutenez, ostegun honetan, abuztuak 14, uztailaren 22an atxilotu zuten Arkaitz Goikoetxea getxoztarraren anaiaren kontrako salaketa aurkeztuko du, Espainiako Auzitegi Nazionalean, Marisa Arrue Getxoko PPren bozeramaileak. Zigor Goikoetxeari "heriotza mehatxuak egitea" egozten dio tokiko zinegotzi popularrak. Bere hitzetan, bera zen abuztuaren 10eko
San Lorentzo azokan "irainka hasi zitzaizkien erradikal taldearen buruzagia". Une horretan ezaguna egin zitzaiola adierazi du Arruek, baina "oso urduri" zegoenez, "nor zen" ez zuen asmatu. "Gero, lasaiago" ohartu omen zen eta "jende gehiagok ere" bera zela esan ei dio. Arruek aurkeztuko duen salaketaz gain, beste horrenbeste egingo du Alderdi Popularrak, "nazio mailan", Antonio Basagoitik gaineratu duenez. "Getxo udalerriko zinegotzi popularrak, tokiko bozeramailea bera eta askatasuna babesteko asmoz", Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako popularren buruaren arabera. Argazkian, Marisa Arrue, prentsaurreko batean.