Kontseiluaren alde, aingurak hondora ditzagun

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko abu. 14a, 18:28

Hil honen hasieran, Gasteizko gobernuko hizkuntza politikan ardura bat duen euskaltzale ezagun batek egunkari ezagun batean zera esan zuen: Kontseilua euskara biziberritzeko aingura astuna dela. Neure idazki honetan ez dut artikulu horren argudioei kritika egiteko joko antzu eta gogaikarrian jausi gura. Neure partetik Kontseiluaren aldeko apologia egingo dut, eta ildo horretan erakunde horrek euskararen aldeko lanean jarraitzeko funtsezko arrazoiak adieraziko ditut. Esan beharrik ez dago 60ko hamarraldian sortu ziren gau eskolek, ikastolen mugimenduak, euskal literaturak eta kantagintza berriak… urte gutxitan euskarari eta euskal kulturari egundoko bultzada eman diotela. Era horretan ikastolen konfederazioa, AEK, EHE, Euskaldunon Egunkaria… eta bestelako hamaika izen eta erakunde nabarmendu ziren, bakoitzak bere sasoiko kultur abangoardia izanik unean uneko beharrei erantzuten saiatu zirenak. Erakunde eta izen horiek euskal herritar gehienon atxikimendua izan dutela aski frogaturik geratu da, baina ez ordea botere publikoen atxikimendua, aukera izan dutenean mugimendu horien satanizazio eta kriminalizazioari ekin baitiote. Argazkian, Xabier Mendiguren Kontseiluaren idazkari nagusia eta Juan Mari Larrarte Euskarazko Komunikazio Taldearen (EKT) kontseilari ordezkaria / luistxo eta marije.

Urteen poderioz herriaren babesari eta erakunde horiei esker asko izan da euskarak aurreratu duena, baina aldi berean aingura astun bat eraman dugu arrastaka gure itsasontziaren martxa askea oztopatu duena. Aingura horrek legedia du izen. Aipatutako erakundeak legeari aurre harturik sasiz jositako bidea zabalduz joan dira, kinka larrian dagoen euskarari arnas berri freskoa emanez. Egun Kontseilua ere ekimen horretan ari da, bere asmakuntzak eta errakuntzak gorabehera Euskal Herri osoan euskarari bultzada berri bat emateko asmoz. Tamalez historia errepikatzen da, eta egungo gobernuek sarri demokraziaren izenean lagundu barik bere lana oztopatu baino ez dute egiten.

Botere publikoetan euskararen aurka lanean ari den hamaika gizaseme daude, baina ezin da ukatu gure hizkuntzaren aldeko jarrera zintzo eta langilea duenik ere badela. Edozelan ere, begira dezagun azken horiek zer-nolako marko juridikotan ari diren lanean. Euskararen alde egun lanean dabilen erakunde publikorik eskuzabalenak ere, jo dezagun EAEko euskara saila dela, nekez gaindi litzake espainiar eta frantziar legediek jartzen dituzten oztopoak. Horren arabera, gaur egungo inongo gobernuk eta administraziok ez du euskara behar bezala biziberritzeko askatasunik, batzuek lan zintzoan ari diren bitartean besteek parlamentu eta auzitegietan estatuen legeak eskuan bidean hamaika harri jarriko dituztelako egitasmo horiek zapuzteko. Eta hona hemen Kontseilua, inongo gobernu eta administrazioren morrontzarik ez duena, eta bere lanarekin egungo legediari eta erdaldun askoren petralkeriari aurre hartuko diona, gure hizkuntza biziberritzeko abangoardia izanik.

Askok esango digute legeen barruan jokatu behar dugula, baina non egongo ziren gaur egun ikastolak eta euskaltegiak aurreko urteetako gizalegerik gabeko lege haiei men egin baliete?. Kontseiluak Euskal Herri mailan euskarari bultzada emateko ahalmena izanik ere, lotsagarria da botere publikoetan euskararekin eskuzabal jokatzen duten horiek erakunde hori baztertzeko jarrera hartzen dutela ikustea, mugak apurtzeko jarrera duten horiek euskara biziberritzeko aingura astun bihurtu direla adieraziz. Ezin dut ulertu zelan euskararen alde osagarriak izan litezkeen ikuspuntu horiek baten batzuek baztertzailetzat jotzen dituzten. Hain zaila da ulertzea erakunde publikoetan batzuek legeen pean euskararen aldeko lan zintzoa egiten ari zareten bitartean, besteok legediak inposatzen digun egoera tamalgarriari aurrea hartuz gure lan zintzoa ere egin dezakegula?

Euskal Herriko poeta ezagun batek zioenaren arabera, euskaldunok desarrazoitzen segitu behar dugu inposatzen diguten arrazoiaren ereduak desegiteko, estatuen legediek inposatu gura diguten arrazoi zapaltzailea gaindituz alegia. Neure ustez, Kontseilua desarrazoitzeko tresna egokia dugu, euskara itotzen duen arrazoiaren aingura astuna itsasoko ur sakonetara botatzeko tresna egokia. Gasteizko gobernuak, eta are gutxiago gainerakoek, nekez izango dute halako ahalmenik eta borondaterik.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun