Atzo iragarri bezala, goizeko 9ak aldera, Zigor Goikoetxea getxoztarraren kontrako salaketa aurkeztu du, Espainiako Auzitegi Nazionaleko 2. epaitegian, Marisa Arrue (argazkian) tokiko popularren bozeramaileak. 13:30ean, berriz, beste horrenbeste egin du Juan Ramon Montero abokatuak, Alderdi Popularraren izenean. Horrela adierazi du, behintzat,
"El Correo Español" egunkariak. Abuztuaren 10ean Algortan ospatu zen San Lorentzo azokan, "mehatxu terroristak" egitea leporatzen dizkio Arruek Goikoetxeari; gazteak "bost urteko epean hil" egingo zutela esan ziola dio PPko zinegotziak. Bere hitzetan, "mespretxagarria da bere jarduerak zeintzuk diren nabaria izateaz gain, ahal duen guztietan, demokratak mehatxatu eta jazartzen aritzen den tipo bat aske ibiltzea, Getxoko kaleetatik paseoan". Berriro ere, "Ertzaintza bertan egon izan balitz", ez zela ezertxo ere gertatu izango kritikatu du Arruek. Imanol Landa alkateak udaltzainei eskainitako zorion hitzak, berriz, "patetikotzat" jo ditu Getxoko PPren bozeramaileak: "euren hutsikeria nabarmena izan zen, ez ziren ezta inortxo ere identifikatzen ahalegindu", gaineratu duenez.