Marisa Arrue Getxoko PPren bozeramaileak eta Espainiako Alderdi Popularrak
aurkeztutako salaketen ondorioz, Zigor Goikoetxea getxoztarraren kontrako eginbide penalak abiatu ditu Ismael Moreno Espainiako Auzitegi Nazionaleko 2. epaitegiko titularrak, besteak beste "El Correo Español" egunkariak zabaldu duenez. Dagoeneko Goikoetxea inputatu gisa deklaratzera deitzea eskatuta zeukan Jesus Alonso fiskalak, mutilari "mehatxu terroristen delitua" egotzita. Bada, Moreno epailea fiskalak egindako eskaera guztiak onartzea erabaki du. El Correo-k dioenez, "delituaren larritasuna ikusita, baliteke galdeketa 'bistilla' bat baino ez izatea, Goikoetxearren aurka behin-behineko espetxea agintzeko arrazoi nahikorik ote dagoen erabakitzeko". Arruek berak kartzelaratzea eskatu zuen aurkeztutako salaketan. Bitartean, gazte getxoztarrari fidantzapeko askatasuna emateko 2007ko urrian hartutako erabakia berraztertzeko eskatu dio Baltasar Garzon epaileari Fiskaltzak. Hilabete horretan,
Uribe Kosta eskualdean egindako sarekadan atxilotu ostean, osasun arazoak direla eta, 6.000 euro ordainduta aske uztea erabaki zuen Auzitegi Nazionaleko epaileak. Mehatxu terroristen deliturako, berriz, 10 eta 15 urte bitarteko zigor eskaera aurreikusten du Espainiako Kode Penalak.