Oporretan Marokon zebiltzan 30 urteko inguruko hiru neska getxoztarrek (euren nortasunaren berri eman ez duten arren, algortarrak direla diote hainbat hedabidek) errepide istripu larria izan zuten atzo eguerdian, Essauira eta Safi arteko errepidean, EFE albiste agentziak zabaldu duenez. Bidetik atera omen ziren eta, bazterra jo ondoren, autoa irauli egin zen. Radio Euskadik, ordea, zuhaitz baten kontra jo zutela zabaldu du. Istripuaren gora beherak batzuk zein besteak izan, horren ondorioz, hiru nesketako bi hil egin ziren. Hirugarrena, aldiz, onik atera zen, zauri arinak besterik ez zituela. Erietxe batean igaro du gaua, badaezpada, baina senda-agiria eman diote gaur goizean. Hildako bi nesken gorpuak Essauirako erietxean dituzte, baina Espainiako Kontsulatuak hasi ditu hilotzak Getxora eramateko tramiteak. Irudian, istripua izandako zonaldeko mapa.