Arruek deklaratu bitartean, Soto del Realen atxilo dago Zigor Goikoetxea

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko abu. 26a, 13:13

Antonio Basagoiti Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Alderdi Popularraren buruak lagunduta, gaur goizean heldu da Espainiako Auzitegi Nazionalera Marisa Arrue Getxoko PPren bozeramailea, Zigor Goikoetxea gazte getxoztarraren aurka egindako salaketaren harira deklaratzeko. Mutilari "mehatxu terroristen delitua" leporatzen dio, abuztuaren 10ean Algortan ospatu zen San Lorentzo azokan, Arrueren arabera, "bost urteko epean hil" egingo zutela esan ziolako. Atzo Goikoetxeari hartu zion deklarazioa Fernando Andreu epaileak. Berak ukatu egin zuen Arrueri heriotza mehatxurik egin ziola. Hala ere, badaezpada 72 ordurako Soto del Realen (Madril) espetxeratzeko agindu zuen epaileak, PPko zinegotziari deklarazioa hartu bitartean. Arruek salaketa berretsiz gero baldintza gabeko espetxeratzea eskatzeko asmoa agertu zuen Fiskaltzak. Bitartean, Askatasunak gogor salatu du gazte hau bizitzen ari den jazarpena, baita mobilizatzeko deia luzatu ere. Argazkian, Zigor Goikoetxea Auzitegi Nazionalera bidean / Askatu.org

Getxoko PPren bozeramaileak argi utzi zuen atzo gauean zenbait komunikabideri egindako adierazpenetan salaketari eusteko asmoa duela. Areago, Goikoetxeak "damutu arte" kartzelan jarraitzea espero duela nabarmendu zuen. Basagoitik, berriz, "normaltasun demokratiko sintomatzat" jo zuen gazte getxoztarraren aurkako ekinbidea. Epaileak gaur bertan erabakiko du Goikoetxearen egoeraren gainean. Arruek berak kartzelaratzea eskatu zuen aurkeztutako salaketan. Gazte getxoztarrari fidantzapeko askatasuna emateko 2007ko urrian hartutako erabakia berraztertzeko ere eskatu zion Baltasar Garzon epaileari Fiskaltzak. Hilabete horretan, Uribe Kosta eskualdean egindako sarekadan atxilotu ostean, osasun arazoak direla eta, 6.000 euro ordainduta aske uztea erabaki zuen Auzitegi Nazionaleko epaileak. Mehatxu terroristen deliturako, berriz, 10 eta 15 urte bitarteko zigor eskaera aurreikusten du Espainiako Kode Penalak.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun