Zigor Goikoetxea espetxeratzea eskatu du Fiskaltzak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko abu. 26a, 14:20

Gaur goizean, Espainiako Entzutegi Nazionalean, Zigor Goikoetxearen aurka burutzen ari den saioaren baitan, gazte getxoztarraren espetxeratzea eskatu du Fiskaltzak, Askatasunak jakinarazi duenez. Marisa Arrue Getxoko PPren bozeramaileak, berriz, berretsi egin du mutilak "heriotzaz mehatxatu" zuela. Fiskalaren arabera hiru dira Zigor Goikoetxea kartzelaratzea eskatzeko kontuan hartu beharreko zantzuak: zirkunstantzia pertsonala (Arkaitz Goikoetxearen anaia izatea, egun espetxean ETAko kide izatea leporatuta), salatzailearen egoera pertsonala (PPko zinegotzia izatea) eta gertaerak non eman ziren (Getxon). Gaztearen abokatuak, baina, espetxe zigorra eskatzeko elementu horiek arrazoi bezala erabiltzeak "ez hankarik eta ez bururik" ez duela salatu du. Horiek hirurak "inolako froga" ez direla dio letradunak. Gaineratu duenez, Goikoetxearen aurka "dagoen froga bakarra" Arrueren deklarazioa da, "ez lekukorik, ez poliziaren informerik, ezta bestelako salaketarik ere". Une batetik bestera jakingo da zein den azken erabakia. Argazkian, Marisa Arrue, prentsaurreko batean.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun