Lander Labajok tortura salaketa berretsi du epailearen aurrean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko abu. 27a, 13:33

2007ko urrian Espainiako Poliziaren esku inkomunikatuta egon zen hiru egunetan torturatu egin zutela berretsi zuen herenegun Lander Labajo preso algortarrak, Aranjuezko 1. instrukzio epailearen aurrean. Torturaren Aurkako Taldeak (TAT) jakinarazi eta "Berria" egunkariak zabaldu duenez, Bilboko Auzitegia ari da tortura salaketa aztertzen. Hala ere, ez da Algortako gazteak horrelako gertaerarik salatu duen aldi bakarra izan. 2008ko martxoaren 27an, Soto del Realgo espetxetik Aranjuezera (biak Madrilen) eraman eta hilabete eta erdira, Labajori "miaketa oso bortitza" egin ziotela salatu zuen Askatasunak. Maiatzaren bukaeran, berriz, Bilbon epaiketa bat egiteko ekarri zutenean, Aranjuezetik Langraitzera bidean "jipoitu eta umiliatu" egin dutela salatu zuen Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak. Argazkian, Lander Labajo artxiboko irudi batean.

Torturaren Aurkako Taldearen oharra:

Torturaren Aurkako Taldeak bere kezka adierazi nahi du Guardia Zibilak igandean atxilotutako gazteak jaso dezaketen tratuaren gainean. Abuztuaren 24 gaualdean Guardia Zibilak Xabier Sagardoi eta Luis Goñi Barañaindar gazteak atxilotu zituen hauei inkomunikazioa ezarriz. Jakin badakigu Inkomunikazioak tortura arriskua dakarrela eta hala esan dute baita ere Nazioarteko Errelatore ezberdinek Euskal Herrira egin dituzten bisita ezberdinetan. Beraz, eskatzen dugu behin betikoz Inkomunikazioarekin bukatzea hori baita torturarekin amaitzeko modu bakarra.

Bestalde, jakinarazi nahi dugu atzo abuztuak 25, Lander Labajo Algortarrak bere tortura salaketa berrestu zuela Aranjuezeko 1. Instrukzio Epaitegiaren aurrean. Berez, salaketa Bilboko 7. insturkzio epaitegia ikertzen ari bada ere, Lander Aranjuezeko espetxean dagoenez herri honetako epaitegiaren aurrean berrestu behar izan du salaketa. Lander 2007ko urriaren 17an atxilotu zuen Espainiako Polizia Nazionalak eta 3 egun inkomunikaturik pasa ostean torturak salatu zituen. Landerren atxiloketa Garzonek agindu zuen eta bere protokoloa aplikatzea agindu zuen, alegia, uneoro grabatua izatea, bere senideei non zegoen esatea eta konfiantzazko mediku baten bisita izatea. Landerrek kolpeak, mehatxuak eta une batean biluztu ere egin zutela kontatu du eta honen ondorioz antsietate krisi bat izan zuenez Gregorio Marañon hospitalera eraman behar izan zutela. Era berean, kontatu du nahiz eta konfiantzako mediku bat egon Entzutegi Nazionaleko forentsea etengabe zegoela aurrean eta ez zituela kamarak ikusi inolako momentutan.

TATetik beste behin ere exijitzen dugu inkomunikazioa eta berau ahalbideratzen duten legeen amaiera. Garzonek agintzen duen protokoloak ez du tortura ekiditzen bai Lander eta bai azken atxilotuekin ikusi dugun bezela eta horretarako modu bakarra inkomunikazioarekin bukatzea da. Dei egiten diogu beraz, euskal jendarte osoari torturaren aurka lanean jardun eta aritzeari, torturarekin amaitzea denon lana baita!

Torturaren Aurkako Taldea
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun