Gaur 13:00etan hasi eta igandera bitartean Altzagan ospatuko diren
San Agustin jaien (pdf) barruan, II. Gazte Eguna antolatu du Erandioko Gazte Asanbladak (EGA). Gauzak horrela, ostiral honetan, abuztuak 29, eguerdiko ordu batetan daukate hitzordua neska-mutilek, gazte poteoaren bitartez jardunaldiari hasiera emateko. Bertara, kapelak jantzita joan behar dela zehaztu dute EGAkoek. Zintzurrak busti ostean, berriz, sabela betetzeko aukera edukiko dute guztiek, txosnetan egingo den bazkarian (Txartelak txosnetan bertan daude salgai, 6 eurotan). Ordutik aurrera, arratsalderako prestatutako hainbat jardueretan parte hartu ahal izango dute gogoko dutenek: nasapuntakoa itsasadarrean (16:00), erraldoien irteera (18:00), larraindantza txosnetan (19:30) eta batukada Katabururekin (20:00), hurrenez hurren. Amaitzeko, 22:00etatik aurrera, sexu gaua eta Raperos de Emaus, Hesian eta Tximeleta taldeen kontzertuak izango dira txosnetan. Gogoratu horien artean "Noren ipurdia da?" koadrilentzako proba eta kulero ta kaltzontzilo lasterketa egingo direla. Argazkian, iazko Gazte Egunean egin zuten bazkaria.