Erandioko San Agustin jaietarako ekitaldi ugari prestatu ditu Berbotsek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko abu. 27a, 14:10

Asteazken honetan hasi eta igandean bukatuko diren San Agustin jaietan, "euskaltzaleen partehartzea ezinbestekoa izango da gure herria gero eta euskaldunago egiteko", Berbots! Erandion Euskaraz elkartekoen hitzetan. Gauzak horrela, ekitaldi ugari prestatu dituzte. Gaur bertan, Berbots-bazkaria egingo dute La Plaza tabernako arkupean. Bazkal ostean musikariak ere izango dira; ahaztu barik, 13:00etan, Irailaren 23a plazan (alboan) txupinazoa izango dela. Arratsaldean, La Plaza tabernan, 20:30ean hasita, Kantagunea ibiliko da tabernaz-taberna herri osoan. Eta 21:00etatik aurrera parrillada ederra txosnetan. Argazkian, ekainaren 15ean ere Kantaguneak alaitu zituen Erandioko kaleak.

Abuztuaren 28an, osteguna, 20:00etatik aurrera, bertso saio mundiala izango dute, Irailaren 23a plazan. Bertan parte hartuko dute Arrate Illaro Ipar Uribeko txapeldun algortarrak, Jon Maia zumaiarrak, Onintza Enbeita muxikarrak eta Xabi Paya gure Bizkaiko txapeldunak.

Abuztuaren 29an, ostirala, Gazte Eguna ospatuko dute. Eguerdian, 14:30ak aldera, gazte-bazkaria egongo da txosnen inguruan: aldez aurretik apuntatzeko La Plaza tabernara hurbildu eta izena eman behar da, 6 euroren truke. 20:00etan larrain dantzan aritzeko aukera egongo da txosnetan.

Abuztuaren 30ean, larunbata, herri bazkaria egingo dute. Apuntatzeko orria La plaza tabernan egongo da, aurreko egunera arte (7 euro). Eta bazkari goxoa prestatzeko animatuz gero, goizeko 10etan tabernan bertan geldituko dira. Arratsaldean, 19:30ak aldera, plazan erromeria izango da Patxi, bat bi ta hiru taldearen eskutik. Gauez, Etsaiak eta Trikitake taldeak joko dute txosnetan. Hala ere, aurretik, 12:00ak aldera, ur gerra galanta izango da kiroldegi inguruko Europa plazan.

Abuztuaren 31an, igandea, 17:00etatik aurrera, Ategorritik goitibera andana jaitsiko da. "Jantzi zuri-urdinez eta parte hartu jaietan… euskaraz! Guk ez badugu egiten, nork egingo du? Gora San Agustin jaiak!", luzatu diete gonbitea herritarrei Berbotsekoek.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun