Gazteen herri bazkariak emango die hasiera bihar Plentziako San Antolin jaiei

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko abu. 28a, 13:49

Aurten abuztuaren 29tik irailaren 3ra bitartean ospatuko dira Plentziako jairik handienak, San Antolinak alegia. Ostiral honetan bertan, festak hasi aurretik indarrak hartzeko aukera edukiko dute herriko gazteek; 14:00etan, Astillero plazan egingo baita eurentzako herri bazkaria. Txupinazoa ere bertan botako dute 18:00etan, koadrila guztiak batuta daudela; eta Antolintxu eta Madalentxuri harrera egin ostean, Andra Marira egingo dute igoera. Gau Zurirako, berriz, Bizargorri taldearen dantzaldia prestatu dute, 23:30ean. Eta goizaldeko ordu batetan, ohiko koadrilen kontzentrazioa egingo dute non herriko lagunek zuriz janzten diren gauari dotorezia puntua emanez. Bitartean, gaur arratsaldean, Four Friends swing eta blues euskal taldeak eskainiko du kontzertua Astillero plazan. Emanaldia 20:30ean izango da. Argazkian, koadrilen play-backa Astillero plazan, aurreko jai batzuetan.

Larunbatean, marmitako lehiaketak hartuko du eguna. Horren sariak, 17:00etan banatuko dira Astilleron. Ordu bete beranduago, berriz, olinpiadak izango dituzte txosnetan koadrilek. Eta gauez, 23:30ean, El menton de Fogarty taldeak kontzertua eman eta, ondoren, Egan Orkestrak eskainiko du dantzaldia. Iganderako ere ekitaldi ugari prestatu dira: Artisautza Azoka ibiltokian goizez (10:00), haur parkea eta jolasak (11:00); eta kayak eta piragua ibilbidea Billano lurmuturreraino (11:30). Arratsaldean, Trapu Zaharrak taldearen kale antzerkia (18:00), helduen play-back dibertigarria (19:00) eta, gauean, txikien mozorroen desfilea Erribera kalean (21:30) eta Suzko zezena (23:00) egongo dira.

Azokak 116 urte

Irailaren 1ean, goizeko 9etatik aurrera, Nekazaritza eta Abeltzaintza Azokak hartuko du ibiltokia eta, Erriberan bertan 13:00etan, Euskal Antzinako Jantzien Lehiaketa egingo dute. Arratsaldean, berriz, haurrentzako play-backa (18:00) eta, gauean, helduentzako mozorroen desfilea (21:30) izango dira. Ondoren, disko jaia eta suzko zezenarekin gozatu ahal izango dute Astilleron bildutakoek.

Bitartean, hurrengoko San Antolin egunean, ohiko meza eta aurreskua egin eta santuaren omenezko ereserkia abestuko dute, 11:30etik aurrera. Gero, 14:00etan, Sugarri, Sama Siku eta Ora Bai taldeek alaituta, urteroko koktel txapelketa egingo dute. Arratsaldean, Astilleron, txarri errea dastatzeko aukera egongo da. Eta egun handi honi bukaera emateko su artifizialak izango dira, 23:30ean, eta Drindots taldeak alaitutako dantzaldia, goizaldeko 3ak arte.

Aurtengo jaiei bukaera emateko, hilaren 3an ere, hainbat jarduera prestau dituzte: goizean, lasun arrantza (10:30), tortilla lehiaketa (10:30) eta Marcel magoaren ikuskizuna (12:00); arratsaldean, Potxin eta Patxin (17:30), eta kaleak alaitzeko Sugarri eta Ardoa fanfarriak (19:00); sahieski erre jana (20:00) eta Antolintxuri agurra (21:00) eta jaiei amaiera emateko suzko zezenen entzierroa erriberatik (22:00).
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun