Piragua eguna egingo dute irailaren 5ean Barrikan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko abu. 28a, 20:01

Udalerriko gazteen artean kirola sustatzeko asmoz, Barrika Piragua Taldearekin batera, neska-mutilei piraguan ibiltzen irakasteko eguna antolatu du irailaren 5erako, ostiralarekin, Udalak. Hori dela eta, 9 eta 16 urte bitarteko gazteei dei egin diete jardunaldian parte hartzera. Doako ekintza honetan parte hartu ahal izateko aurretik eman beharko da izena, 946 775 163 telefono zenbakira deituz. Horrenbestez, piragua eguna 17:00etan hasiko da bertoko klubak Cantarranasen duen egoitzan eta 20:30ak aldera bukatuko da. Piragua taldeak salbamendu-txalekoa, pala eta behar den materiala emango die parte hartzaileei eta neska-mutilek txalupa ezberdinak ezagutu eta erabili ahal izateko begiraleak ere jarriko ditu. Gainera, aldagelak eta dutxak erabiltzeko aukera emango dute, arropaz aldatu ahal izateko. Argazkian, Barrika Piragua Taldeak egin ohi dituen ateak zabalik jardunaldien irudia.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun