Larunbat honetan, abuztuak 30, Isabel eta Maria Begoña de los Angeles Andraka Golzarri ahizpen eta azken horren senarra Miguel Bernaola Iturberen omenezko meza egingo dute Barrikako Andra Mari elizan, 20:00etan. Hegazkina hartzera joan eta egun gutxi lehenago, senideekin egon ziren bazkaltzen Uribe Kostako udalerrian. Bikoteak urteak zeramatzan Kanariar Uharteetan bizitzen, sortzez bizkaitarrak izan arren. Bernaolak dentista gisa lan egiten zuen uharteetan. Oporretan egon ostean, etxera itzultzeko hartu zuten hegazkina familiako hiru kideek. Hegaldi berean zihoan Jorge Sangrador Bilboko Indautxu auzoko 29 urteko gaztea. Lau bizkaitarrez gainera, Jose Joaquin Perez Obanos nekazari kooperatibista nafarra ere hil zen hegazkin istripuan. Barruan zihoazen 172 lagunetatik 154k galdu dute bizia. Argazkian, honen antzekoa zen abuztuaren 20an erori zen Spanair enpresako hegazkina.