Korrontzi euskal taldeak zabalduko du ostegunean Getxoko Folk Jaialdia

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko abu. 29a, 14:23

Getxoko 24. Nazioarteko Folk Jaialdia irailaren 4an hasi eta 7an amaituko da eta Itzubaltzeta / Romo eta Areeta izango ditu gune nagusiak. Bestalde, Korrontzi euskal taldeak zuzeneko DVDa grabatuko du jaialdian. Guztira 13 kontzertu izango dira, eta talde ezagunekin batera hasiberriek ere zuzenekoak eskainiko dituzte. The Chieftains, Ismael Lo eta Elideas Ochoa izango dira, besteak beste, zuzenekoak eskainiko dituzten musikariak. Bestalde, aurtengo edizio honetan garrantzi berezia izango dute haurrentzako antolatu dituzten jarduerek, bidezko azokak, banden desfileak eta munduko gastronomiak. Esan bezala, lehenengo eguneko kontzertu nagusia Korrontzik emango du, 21:30etik aurrera, Xake plazan, sarrera dohainik. Duela lau urte jaio ziren antzinako trikitiaren doinua berreskuratzeko asmoz. Gainera, egun horretan egingo duten bere azken lanaren zuzeneko grabaketan, hainbat artisten laguntza izango dute.

Ostiralean, hilak 5, Folk Jaialdiko historian beste egun berezia izango da, izan ere Irlandako banda enblematikoena izango dugu gure artean: The Chieftains, Paddy Moloney mitikoa buru duen taldea, alegia. Milaka kontzertu, 6 Grammy sari eta 25 diska... horiek dira taldearen zenbakiak. Hirugarren eguna Nigerren jaio baina Senegalen hazi zen Ismael Lorentzat izango da. Denok izango dugu "munduko musika" delakoaren ordezkari garrantzitsuenetakoak emango duen emanaldia ikusi eta entzun ahal izateko aukera. Are gehiago, Afrikako trobadore honi "Dylan afrikarra" ere deitu izan zaio. Eta luxuzko bukaera, irailaren 7an, Eliades Ochoaren eskutik etorriko zaigu (kontzertu hau arratsaldeko 20:00etan hasiko da, beste kontzertu handiak 21:30ean). Areetako Xake plazan, "Chan Chan", "El Cuarto de Tula" edo "El Carretero" entzun ahal izango ditugu. Eliades Ochoak "Buena Vista Social Club" proiektu ezagunean hartu zuen parte eta guajirak, boleroak edota guarachak joko ditu.

Arratsaldean, orain arte bezala, hain ezagunak ez diren taldeek joko dute. Aurtengo 24. edizioan honako hauek arituko dira Itzubaltzetako Santa Eugenia plazan: Mariachi Imperial Azteca mexikarrak, Asturiaseko Banda de Gaitas Llacin, Katalunyako Qui Hi Ha? eta Xabi Aburruzaga bizkaitarra. Guztiak 19:00etan hasiko dira (igandekoa 18:00etan). Gaueko kontzertuetan, Munduko Terrazak alegia, talde hauek egondo dira: Odaiko Percussion Group, Alann Bique eta Calima.

Txikientzat

Haurrentzat antolatutako ekitaldietan, "La Carraca" taldea ibiliko da antzinako jolasak eta kantuak erakusten. Hori zapatuan izango da, irailaren 6an. Biharamunean txikienentzako txalaparta tailerra egongo da. Eta aurten ere Folk Jaialdiaren barruan Bidezko Azoka egongo da. Helburua, Iparraldeko eta Hegoaldeko herrien arteko bidezko merkataritza bultzatzea, txirotasunari aurre egin ahal izateko. Bestalde, Munduko Azoka mundu zabalean egindako produktuen erakusleiho ezin hobea da.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun