Euskal herriko musika eta dantzekin harremana duten lagunek osatuko dute epaimahaia eta aurreskulari bakoitzari puntuak emateko honako hauek hartuko dituzte kontuan: bizkortasuna, konpasa edo erritmoa, nola punteatzen duten edo zein urrats jarraitzen duten eta aurkezpena edo jantziak. Parte hartzaileak lortu duen puntuazioa altuena eta baxuena alde batera utzi eta gainerako puntuen artean bataz bestekoa egingo da. Leioako Udaleko Kultura teknikari bat izango da idazkari eta berak egingo du lehiaketaren akta. Ekitaldian zein ordena jarraituko den erabakitzeko zozketa egingo da, 18:30etik aurrera.
Sariak
Bi kategorietarako ondoko sari hauek ezarri dira. Beren beregi adierazi da parte hartzaile bakar batek ere ezin izango dituela bi sari jaso. Horrenbestez, 16 urtetik beherakoen arteko lehenengo hiruek 200, 150 eta 100 euro jasoko dituzte, hurrenez hurren. 16 urtetik gorakoen artean, berriz, 450, 300 eta 150 euro banatuko zaizkie. Guztiek jasoko dute garaikurra eta nagusien artean lehenengoak, nola ez, txapela. Bestalde, saririk jaso ez duen Leioako aurreskulari hoberenari “Leioako Udala” sari berezia emango diote. Aurreskulari guztiek 50 euro jasoko dute, dieta moduan.