Leioako Udalak Nazio Batuen Elkarteak sustatutako Ekintza Globaleko Planan parte hartzeko gonbitea luzatu die leioaztar guztiei. Horretarako, familia bakoitzak www.udalsarea21.net web gunean izena eman beharko du irailaren 14 baino arinago, eta horrela, Ingurumenari begira etxeko ohiturak hobetzeko aholku praktikoak biltzen dituzten lau eskuliburu bidaliko zaizkie etxera. UNESCOk onetsitako planak hainbat jokaera aldatu nahi ditu, udal iturriek adierazi dutenez. Hala nola, "lehengaien kontsumoa eta kutsadura murriztea, bizi kalitatea hobetzea gure kontsumoaren kontrol eraginkorraren bidez; eta, bide batez, etxeko kostuak murriztea". Leioaz gain, beste 36 udalerrik (Amurrio, Laudio, Basauri, Durango, Amorebieta, Azpeitia, Azkoitia eta Tolosa, besteak beste) parte hartuko dute Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailak sustatutako egitasmoan. Argazkian, Eneko Arruebarrena Leioako alkatea.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!