Aurten 33.000 lagunek bisitatu dituzte Getxoko udako liburutegiak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko ira. 2a, 19:45

Joan den ostiralean itxitako Letren Terrazek emaitza onak utzi dituzte: guztira, 33.000 lagunek bisitatu dituzte udako liburutegiak (iaz, 31.200 pertsona egon ziren udako liburutegietan), Getxoko Kultur Etxeak emandako datuen arabera. "Uztailaren 1etik abuztuaren 29ra, Letren Terrazak hogeita laugarren urtez jarraian atera dituzte liburuak kalera, helduen eta txikien gozamenerako. Aurten, gainera, txikientzako ekitaldi berriak antolatu dira. Haurrek ezin hobeto hartu dituzte 'Antzinako jokoak', 'Baretze eta elkartasun jokoak' eta eskulan eta irakurtzera bultzatzeko tailerrak, besteak beste", tokiko arduradunek prentsa ohar bidez azaldu dutenez. Urtero bezala, liburutegiak hiru tokitan jarri dira: Areetako Xake, Algortako Telletxe eta Getxoko Sarri plazetan, hurrenez hurren. Leku horietatik guztietatik pasatu diren erabiltzaileak adin guztietakoak izan dira, nahiz eta haurrak nagusi izan. Izan ere, 20.000 umek bisitatu dituzte Letren Terrazak aurten. Argazkian, hainbat haur Algortako Telletxe plazako udako liburutegian jolasean.

Ohi bezala, irakurgai-bilduma berezia hautatu da liburutegietarako, udan irakurtzeko aproposak, hain zuzen ere. Guztira, euskarazko eta gaztelaniazko 2.500 bat liburu egon dira terrazetan. Maileguei dagokienez, aurten 13.500 egin dira. Horietako 5.000 euskarazko alekoak izan dira. Azkenik, aipatzekoa da etxerako mailegu kopuruaren handitzea, iaz %15 baino handiagoa izan da eta.

Aisialdirako gunea

Udako liburutegiak izateaz gain, Getxoko Joko eta Letren Terrazek aisialdirako guneak bilakatzea dute helburu nagusi. Aisialdirako gunea oso arrakastatsua izan da aurten, horren eskaintza bultzatu baita. Batetik, ludoteka egon da bigarren aldiz. Bertan, antzinako eta baretze eta elkartasun jokoak egon dira. Bestetik, eskulan eta irakurtzera bultzatzeko tailerrak egon dira terrazetan astelehenetik ostiralera. Jarduera horiei esker, haurrek irakurtzea eta jolasak elkartu ahal izan dituzte.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun