Joan Perez de Lazarragaren eskuizkribua da lan horren adibide on bat. XVI. mendeko idazle arabarra izan zen Lazarraga, eta mende horretako 60ko hamarkadan ‘artzain-nobela’ batez eta hainbat koplaz osatutako paper sorta bat idatzi zuen. Hego Euskal Herrian ezagutzen den tamaina horretako testurik zaharrena da. Borja Aginagaldek aurkitu zuen Madrilen 2004an, eta gaur egun Gipuzkoako Foru Aldundiaren web gunean dago ikusgai (www.gipuzkoakultura.net/lazarraga). Oso aurkikuntza garrantzitsua izan zen, ia dokumentatzeke zegoen Arabako euskalkiari buruz informazio asko zuelako, besteak beste.
Letraz letra, hitzez hitz, esaldiz esaldi
Lazarragaren testua aurkitu zenetik, astean behin biltzen dira Monumentako adituak hari buruz elkarlanean jarduteko. Ez da lan erraza. Lehenik eta behin, eskuzko letra ulertu beharra dago. Hori ez da eskuizkribuen arazo esklusibo bat; inprimatutako liburuetan ere akats asko ageri ohi da, orrialdearen konposizioa egiterakoan tipografoek hizkiak gaizki ipintzen zituztelako edo, inpresio-beharrei erantzuteko, hitzak edozein modutan mozten zirelako.
Letra ulertzea oinarrizko lehen pausoa bada ere, ez da garrantzitsuena. Hizkuntzalariek diotenez, inprimatutako liburu baten ale on bat edukitzea, saguek egindako zulorik gabe, ez da nahikoa edizio on bat ateratzeko. Edizio baten helburua testuaren ulerbidea erraztea den heinean, esanahian eta haren interpretazioan sakondu beharra dago. Historiaren arrastoak aurkitzeko arkeologoek eskuak lurrean sartzen dituzten bezala, filologoak testuetan murgiltzen dira, hitz bakoitzak eta esaldi bakoitzak izan ditzakeen interpretazio guztiak aztertzeko. Jadanik zailtasunen %99 argitu arren, gelditzen den %1 horrek ere lan handiak ematen ditu eta emango ere oraindik.
Azkenik, testua guztiz ulertutakoan, haren interpretazio zientifikoa egin behar da: nola kokatzen da testu hori euskal literaturan? Arabako zein tokitako euskalkia erabiltzen da eta noraino hedatzen zen euskalkia? Lazarragaren koadernoko testuak originalak dira guztiak, ala itzuliak edo moldatuak zenbait? Letra desberdinak ageri dira: zenbat eskuk hartu dute parte? Egile desberdinak dira ala egile beraren aginduz aritutako hainbat idazle?
Dagoeneko, eskuizkribuaren hirugarren irakurketan dihardute EHUko ikertzaileek, testuaren arazo berriak topatu eta askatu nahian. Izan ere, testu bakoitzak norberak ikusi nahi dituen —edo ikusi ahal dituen— arazoak ditu. Arazo horiek ikusteko gaitasunik ez izateak edo, are okerrago, haiek argitzeko ausardia faltak ez du esan nahi testua zuzenagoa denik. Filologoek ‘gurutze’ deitzen diete testuaren zati problematiko horiei. Nahikoa gurutze argitzen dituztenean, Lazarragaren testuaren edizioa argitaratuko dute; dena ongi badoa, urtea amaitu baino lehen.
Hitzen jatorria eta bizitza ikertzen
Lekukotasunen azterketari esker azken 25 urteotan lortutako informazioa (bereziki, Orotariko Euskal Hiztegiak daukana) eta euskal morfologia historikoa baliatuz, euskal hiztegi historiko eta etimologiko bat osatzen hasteko asmoa dute taldekideek. Izan ere, hitz baten jatorria eta bizitzaren zertzeladak informazio interesgarriak dira hizkuntzaren bilakabidea aztertzeko. Baina horrelako egitekoak ez dira bizpahiru urteko kontuak: hor dira hainbat hamarkada behar izan zituen Oxfordeko hiztegi historikoa edota dagoeneko hirugarren proiektuan doan Espainiako Akademiarena. Monumentako hizkuntzalari eta filologoak oraindik azpiegitura- eta plangintza-fasean dira, ezer baino lehen hiztegia eraikitzeko gainerako hizkuntzetako ereduak miatzen eta eurenaren irizpideak finkatzen: eman nahi zaion hedadura, hitz-kopurua (eta hitz-mota, ez baita hitz guztien hiztegia izango), sarreren tamaina eta antolaketa, emango diren informazio-motak (gramatikazkoak, iturriei buruzkoak, euskalkiei buruzkoak...). Gauza asko da oraindik erabakitzeke, eta horretan jardungo dute hurrengo hilabeteetan, hiru urteren buruan 500 bat hitzeko prototipo bat egiteko asmoz.
Ikerketa emankorra
Espainiako Hezkuntza eta Zientzia Ministerioak Giza Zientzietako 12 proiektu hoberenen artean sailkatu du "Monumenta Linguae Vasconum: Historia, crítica y edición de textos vascos" proiektua. 2002. urtean ekin ziotenetik, taldekideek ehun artikulu, liburu edo txosten baino gehiago argitaratu eta aurkeztu dituzte. Horiekin batean, aipatzekoak dira Gidor Bilbaok Etxeberri Sarakoaren inguruan 2006an aurkeztutako doktore-tesia (aurki Euskaltzaindiaren ‘Euskararen Lekukoak’ bilduman argitaratuko dena) edo Ricardo Gómezek XIX. mendeko euskalaritzaz egin eta iaz EHUk berak argitaratua; martxan dira Céline Mounoleren tesia aditzaren historiaz eta Julen Manterolarena artikuluaren gramatikalizazioaz, bai eta taldekideek zuzendutako beste zenbait ere, hala nola Etxeberri Ziburukoari buruzkoa edo Pouvreauri buruzkoa. Aurki, udagoienean, Blanca Urgell taldekideak prestaturiko Axularren edizioa argitaratuko du Euskaltzaindiak.