Juan Carlos Gomez-Esteban neurologoak "Resultados de la investigacion clinica en una unidad de trastornos del movimiento" (Mugimendu-asalduen unitate bateko ikerketa klinikoaren emaitzak) izenpean aurkeztutako doktore-tesiak Gurutzetako Ospitaleko Mugimendu Asalduen Unitatean 1998tik 2007ra garatu diren lan-lerroak jasotzen ditu. Gomez-Esteban Medikuntzan eta Kirurgia Orokorrean lizentziaduna da, eta EHUko Medikuntza eta Odontologia Fakultateko Neurozientziak Saileko Juan Jose Zarranz Imirizaldu doktoreak eta Elena Lezcano Garcia doktoreak zuzendu diote ikerlana. Tesiak bikain cum laude kalifikazioa lortu du.
Ebakuntza kirurgikoen emaitzak
Mugimendu Asalduen Unitatean egin diren ebakuntzei erreparatzen die Gomez-Esteban doktoreak aurkeztutako tesiaren lehen zatiak. Hain zuzen, burmuinaren estimulazio sakona du aztergai. Izan ere, hainbat mugimendu arazo sortzen dira burmuinaren nukleo sakonek ez dutelako ondo funtzionatzen, eta haiei eragiten die ebakuntzak. Gaixoari mikroelektrodo batzuk jartzen zaizkio nukleo horietan, taupada-markagailuena bezalako bateria batek kontrolatuak. Ikerketak dioenez, terapia eraginkorra da Parkinsonen gaixotasuna aurreratua duten gaixoentzat, eta estimulazio hori nukleo subtalamikoan (garunaren oinarrian kokatutako nukleo txiki batean) eginez gero lortzen dira hobekuntzarik handienak gaixotasunaren sintoma guztietan.
Gomez-Estebanek dioenez, ebakuntza mota horren bidez lortzen den onura eta botika dopaminergikoen bidez (dopaminaren aitzindariak dituztenak edo haien efektuak eragiten dituztenak) lortzen dena antzekoak dira. Dardara da salbuespena, hobeto erantzuten baitio tratamendu kirurgikoari botikei baino. Garunaren estimulazioak badu beste abantaila bat: gaixoaren eta hura zaintzen duen pertsonaren bizi-kalitatea hobetzen du. Hitzezko memorian ere positiboki eragiten du, baina ikertzaileak ez du aldaketarik sumatu hitz-jarioan, ezta funtzio exekutiboetan ere. Ebakuntzaren emaitzak gaixoaren itxaropenekin bat ez etortzearen ondorioz, eta prozesu kirurgikoaren beraren eraginez, koadro depresibo bat ager daiteke hasiera batean, baina Gomez-Esteban doktoreak dio epe ertain eta luzean depresioaren sintomak arindu egiten direla.
Bestalde, ikerketa horrek erakutsi duenez, gaixo batzuek hobeto erantzuten diote ebakuntzari beste batzuek baino. Hain zuzen, jatorri ezezaguneko parkinsona edo herentziazko beste parkinsonismoak pairatzen dituztenen erantzuna hobea da Parkinson-motako atrofia multisistemikoa pairatzen dutenen erantzuna eta LRRK2-Dardarina genearen mutazioa dutenena baino.
Mutazio genetiko berriak
Herentziazko parkinson-motak ez dira sarri agertzen. Lewy gorputzek eragindako dementziari (duela gutxi aurkitu den gaixotasun bat, askotan parkinsonarekin edo alzheimerrarekin nahasten zena) lotutako akats genetikorik ere ez da topatu. Hala ere, Mugimendu Asalduen Unitatean, parkinsonaren mutazio berri bat aurkitu dute, Lewy gorputzek eragindako dementziari ere lotzen zaiona: alfa-sinukleina izeneko genearen mutazio jakin bat. Gomez-Esteban doktorearen ikerketak azpimarratzen duenez, mutazio hori pairatzen dutenek loaren nahaste primario bat dute, hau da, murriztu egiten zaizkie bai REM faseak (ametsak gertatzen diren fasea), bai NREM faseak (ametsik sortzen ez dutenak). Gainera, litekeena da sintoma horiek mugimendu-asalduen sintomen aurretik agertzea.
Loaren nahasteak eta koadro psikotikoak
Loa zatikatzea, hau da, jarraian lo ezin egitea, eta nikturia (gauez pixa sarritan egitea) dira Parkinsonen gaixotasuna dutenek gauez sufritzen dituzten ohiko arazoak. Gomez-Esteban doktorearen arabera, dopamina-hartzaileak zuzenean aktibatzen dituzten botikek nikturia gutxitzen dute, baina ez dute gaueko loa hobetzen, ezta eguneko hipersomnia (esna mantentzeko arazoa) ere. Bestalde, Mugimendu Asalduen Unitatean aztertutako gaixoen %21,9k hanka urdurien sindromea pairatzen du, eta horrek ondorio negatiboak eragiten ditu gaueko loaren kalitatean eta, oro har, gaixoaren bizi-kalitatean.
Era berean, narriadura kognitiboa pairatzen ez duten baina koadro psikotikoak, hala nola ikusmen-haluzinazioak, sufritzen dituzten gaixoen inguruko ikerketak aztertzen ditu Gomez-Esteban doktoreak bere doktore-tesian. Gurutzetako Ospitalean egindako saiakuntza klinikoen arabera, badirudi Ziprasidona deritzan botika antipsikotiko gisa eraginkorra dela, mugimendua koordinatzen duen sistema motorrean efektu gutxi dituela eta muskuluen tonua erregulatzen duela.