Maila handiko korrikalariak izango dira larunbateko II. Getxoko Milian

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko ira. 3a, 19:44

Algortako kaleetan egingo da larunbat honetan, irailak 6, II. Getxoko Milia. Probak Telletxe plazan izango du irteera eta helmuga. Udalaren laguntzarekin, jarraipena emateko asmoz berrartu dute lehen ekitaldia 1987an izan zuen lasterketa Getxo Atletismo eta Itxartu taldeek. Lasterketa gizonezko zein emakumezkoen maila guztietan korrituko da, umeekin hasi eta junior, senior eta elite kategorietaraino, eta nazioarteko izaera du. Parte-hartzaileak oraindik guztiz zehaztuta ez badaude ere, elite karreretan iraupen-erdiko euskal korrikalari onenak (besteak beste, Belit Solar, Cristina Petite edo Iraia Garcia, nesketan; eta El Miludi, Mastati edo Borja Mayer, gizonezkoetan), Espainiako lehen mailako batzuk (Maria Antonia Torres, Mercedes Palacios, Pilar Alonso eta Iris Fuentes Pila kantabriarrak, beste batzuen artean), eta nazioartekoak (Suzzanne Hasler belgiarra, Bensaid Driss eta Almad Bouziani marokoarrak eta Meter Bomo eta Victor Bitor kenyarrak) izango direla aurreratu du, gaur goizean emandako prentsaurrekoan, Dimas Ramos Getxoko Atletismo Taldearen presidenteak. Argazkian, ezkerretik eskuinera, Iñaki Mujika Bizkaiko Foru Aldundiko Kirol zuzendaria, Dimas Ramos Getxoko Atletismo Taldearen presidentea, Ricardo Ansotegui Itxartu Taldearen presidentea, Imanol Landa Getxoko alkatea, Olatz Candina Metro Bilbaoko Kanpo Harremanetarako eta Komunikaziorako burua eta Isidro Elezgarai Euskadiko Kutxako Kanpo Harremanen zuzendaria.

Probaren irteera 18:00etan izango da, txikienekin. Hauek milia laurdena egingo dute eta ondoren, ordubeteko tartean, gainontzeko kategoriak aterako dira, bata bestearen atzetik. Lasterketaren antolatzaileek azaldu dutenez, zirkuitua herri barruan da, “etorriko diren ikusleek erraz ikusteko modukoa eta kanpotik etorriko direnentzako oso egokia, Algortako metro geltokia bertan baitago”. Zirkuituak 353 metro ditu, beraz, lau itzuli eta erdi eman beharko diote korrikalariek. Ondorioz, ikusleek bost aldiz igarotzen ikusiko dituzte kirolariak. Lasterketa Atletismo Federazioko epaile talde batek kontrolatuko du.

Izen-ematea doan

Lasterketan parte hartzeko izen-emotea doakoa da, gizonezko zein emakumezko senior eta elite mailetan izan ezik, kirolari horiek antolatzaileek gonbidatuta etorriko direlako. Gainontzeko guztiek info[abildua]itxartu.com posta elektronikoaren bitartez eman ahal izango dute izena datorren ostiralera (hilak 5) bitartean, 19:00etatik 20:30ra arte, Algortako batzokiko Itxarturen bulegoan (Algortako Etorbidea, 104) edo Kantxa Kirol Moda dendan.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun