Euskalmet Euskal Meteorologia Zerbitzuaren arabera, ostiral honetan, irailak 5, haize boladak 100 kilometro ordukoak edo abiadura handiagokoak izan litezke toki irekietan, eta 80 ilometro ordukoak toki itxietan. Arrisku handiena goizaldean egongo omen da. Iragarpen horren aurrean, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak hainbat larrialdi zerbitzu jakinaren gainean jarri ditu, beharrezko neurriak har ditzaten. Halaber, haizete gogorren aurrean nork bere burua babesteko aholkuak eman ditu. Horrela, pertsianak, leihoak eta leiho-ateak itxi eta finkatzea gomendatu du; baita loreontziak, eguzki oihalak, eta haizeak eraman ditzakeen bestelako objektuak kentzeko ere. Kalean, berriz, jausteko arriskuan dauden erlaitz, harresi eta zuhaitzetatik urruntzeko eskatu die herritarrei. Eta bereziki obretan edo egoera txarrean dauden eraikinetatik gertu kontu ibiltzeko. Istripurik izatekotan, 112 SOS Deiak-era deitu behar da. Argazkian, haize boladek eragindako olatu batek Algortako Portu Zaharreko murrua apurtu zuen martzoan.