"El Correo Español"ek gaur jakinarazi duenez, "PNV-PSOE akordio instituzionalerako giroak une aproposa bizi du", eta CGPJz gain, Espainiako Gobernuak hainbat leku garrantzitsu gorde ditu EAJrentzat, tartean Energiarako Espainiako Batzordean eta, epe luzeago batean, Telekomunikazioen Merkaturako Batzordean. Legealdi hasieran ere, hainbat diputatu utzi zizkion EAJri Senatuan talde propioa sor zezan. Horretaz gain, iaz Eusko Jaurlaritzako eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako aldundietako aurrekontuak babestu ditu PSE-EEk eta litekeena da aurten ere egitea, alderdi konstituzionalistaren kideen deklarazioei kasu eginez gero.
Margarita Uria Espainiako diputatu ohia Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko (CGPJ) kide izendatuko du Espainiako erregeak hilaren 23an, Kongresuak eta Senatuak 16an eta 17an aukeratu ondoren. Hori izango da Uriaren etorkizuna albiste agentziek zabaldutako PSOE, PP, CiU eta EAJren arteko akordioa apurtuko ez bada behintzat. Aipatu hitzarmenaren arabera, Espainiako epaileen erakunde nagusia den CGPJko hogei kideak horrela banatuko dituzte alderdiek: bederatzina izango dute PSOEk eta PPk eta bana, berriz, EAJk eta CiUk. Alderdi jeltzaleak bere aldetik, Margarita Uria algortarraren hautagaitza aurkeztu du. Uria EAJko diputatua izan zen aurreko hiru legealdietan eta azken Espainiako hauteskundeetan senatari izateko aurkeztu zuten, baina ez zituen behar besteko botoak eskuratu. Handik hona, Lehendakaritzako aholkulari juridiko gisa egin du lan Uriak. Argazkian, Margarita Uria urduri, 2008ko otsailaren 5ean EAJren Espainiako beste senatari eta diputatuekin Neguri eta Algortatik egindako bisitan.