Carlotta Ortuzar urruñarraren erailketa salatuko dute arratsaldean Algortan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko ira. 5a, 15:42

Carlotta Ortuzarren hilketa salatu eta gisa honetako gertaerak berriz gerta ez daitezela eskatzeko elkarretaratze ugari egingo dituzte gaur, batean zein bestean. Urruñako (Lapurdi) bere etxean aurkitu zuten hilda astelehenean, senarrarekin batera. Frantziako Poliziak egindako ikerketen arabera, senarrak emaztea hil, eta gero bere buruaz beste egin zuen. Azken eraso honen aurrean, beste behin hainbat mobilizazio eta elkarretaratze antolatu ditu gaurko Emakumeen Mundu Martxarako Plataformak. Euskal Herriko Bilgune Feministak ere gogor salatu du hilketa hau, baita uda honetan bertan gertatu diren beste biak ere. "Zoritxarrez aurtengo udan hiru erailketa eta kontatu ezin den beste bortxaketa eta eraso izan ditugu euskal herri eta hirietan". Beraien hitzetan, kasu hauek guztiak ez dira soilik baldintza jakin batzuetan izaten diren gertaera isolatuak, baizik eta "edozein emakumek edonoiz bizi duen zapalkuntzaren ondorio bortitzenetakoak". Carlotta Ortuzar Euskal Herrian aurten genero indarkeriak hildako laugarren emakumea da. Lehena, urtarrilean Tatiele de Sousa izan zen, Iruñean. Atzetik, Nagore Laffage eta Estibalitz Angulo hil zituzten, lehena Orondritzen (Nafarroa) agertu zen eta bigarrena Mañuetan (Araba). Horrenbestez, Algortan, Telletxe plazan egingo dute elkarretaratzea, 19:30ean. Argazkian, uztailaren 11n, Nagore Laffage gazte irundarraren erailketa salatzeko egindako elkarretaratzea Algortan.

Bilgune Feministaren iritziz, "emakumeon kontrako indarkeria sexuen arteko hierarkian oinarritutako sistema sozialaren beste adierazgarri bat da", eta beraz, sistema sozialean aldaketa sakonak eginez horrek dakartzan sexuen arteko bereizketari amaiera eman ezean, hilketak behin eta berriz gertatuko dira. Bide horretan instituzioek duten erantzukizuna nabarmendu, eta salatu du, oraingoz, ez diotela behar bezala aurre egiten ardura horri. Baina "harreman parekideak eraikitzeko", herri- tarrek, halaber, eginbehar handia dutela adierazi du. Horregatik, gaur Emakumeen Mundu Martxarako Plataformak deitu dituen elkarretaratzeetan parte hartzeko deia egin du.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun