Seguritas segurtasun enpresari 67 pistola kontrolatuta ez edukitzeagatik 2007ko ekainean abiatu zioten espedientearen epeak gainditu direla, Areetako enpresak ez ditu 30.000 euroko isuna ordaindu behar izango, Administrazioaren isiltasunaren ondorioz. Era berean, bertako 66 bizkarzain 3.100 euroko isun banaz libre gelditu dira. Espainiako Barne Ministerioko Segurtasunerako Estatu Idazkaritzak bizkarzain baten aurkako espedientearekin baino ez du aurrera egingo, kasu horretan ikerketan ez kolaboratzeagatik. Guztira, 240.800 eurotik 237.700 "epez kanpo gelditu" zaizkio Barne Ministerioari. Izan ere, enpresako behargin ohi baten salaketaren harira, 2007ko ekainean Guardia Zibilak enpresak Areetan duen armategia miatu eta 67 pistola falta zirela egiaztatu zuen. Espainiako Gobernuak Bizkaian duen Azpiordezkaritzak agindutako miaketaren aurrean, enpresa eta bizkarzainek armak etxera eramaten zituztela azaldu zuten, "denbora aurrezteko" eta "segurtasunagatik". "
El Correo Español"ek gaur jakinarazi duenez, enpresaren eta Gobernuaren ordezkariak behin baino gehiagotan bildu dira espedienteaz hitz egiteko urte luze honetan. Gainera, politikari, epaile eta enpresarioen bizkarzain horiek "era zuzenean terrorismoa bizi" izatea kontuan hartu ei du Ministerioak. Argazkia:
Za3tooor.