Habaneren doinuak izango dira ostegunetik aurrera Areetan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko ira. 9a, 20:19

Algortako Biotz Alai abesbatzak (argazkian) emango dio hasiera etzi, irailak 11, Getxoko XXII. Habanera Jaialdiari. Larunbatera arte, jarduera horren kontzertuak izango dira Areetako Xake plazan. Getxoko Kultur Etxeak gaur jakinarazi duenez, jaialdiaren musika eskaintza Kataluniako L’Espingari eta Galiziako Brisas Do Mar de Corme taldeen kontzertuez osatuko da. Saio guztiak 20:00etan hasiko dira eta, ohi bezala, sarrera doakoa izango da. Biotz Alai 1923. urtean sortu zen, Bariko San Nikolas parrokiako abesbatza gisa. Manuel Gainza izan zen haren lehenbiziko zuzendaria. 1966. urtean, lehenengo zuzendariaren seme zen Juan Jose Gainzaren zuzendaritzapean, jarduera berri bat hasi zuen abesbatzak. Hortik aurrera, kanpora ateratzen hasi ziren, nazioarteko lehiaketetara, kontzertuetara, abesbatzen alardeetara, birak egiten eta diskoak grabatzen.

1998. urtean zehar 75. urteurrena ospatzen jarraitu zuen. Bizkaiko Abesbatzen Elkarteak omenaldia egin zion. Bilboko auditoriorik onenetara gonbidatu berezi gisa joan zen: Arriaga Antzokia, Guggenheim Museoaren auditorioa eta Euskalduna Jauregia. Athletic Club Bilbaoren egoitzan ere kantatu zuten, Ainhoa Artetarekin batera, klubaren mendeurrenean. Gaur egun, abesbatzan 65 ahots grabe daude, 1989az geroztik Javier Oyarzabalek zuzentzen dituena.

Bestalde, L’Espingari habanera taldea 1982. urtean sortu zen eta Nuria Feliu abeslariak hartu zuen bere babespean. Taldeak habanera tradizionalak, modernoak eta bereak, taberna kantuak eta Mediterraneoko erritmoak eskaintzen ditu. Denboraz, L’Espignarik bere estiloa sortzea lortu du, emanaldi guztiak erraz atzematen dena. Errepertorioaren ugaritasuna eta bilakaera taldearen lehen diskoetan ikus daiteke, batez ere azken lanean (zazpigarrena), taldearen 25 urteen erakusgarri.

Galiziako doinuak

Amaitzeko, azken jardunaldian, Brisas Do Mar de Corme talde polifonikoa ariko da. 1993. urtean jaio zen taldea eta 28 emakume ahotsekin hasi zen bere ibilbidea. Gaur egun bi zuzendari dauzka taldeak: Xesus Mendez Torrado eta Ramon Saleta Neira. Abesbatzak polifoniako egilerik garrantzitsuenen musika abesten du: antzinakoa edo klasikoa, erlijiosoa edo profanoa, edozein arotakoa. Gainera, herrialde ezberdinetako piezak abesten ditu: musika garaikidea eta habanerak, euren herrialdeko konposizioak eta euren konposizio egilearen piezak. Gaur egun 30 ahots daude abesbatzan.

Itsas Azoka eta argazki erakusketa

Ohitura denez, kontzertuez gain, hainbat jarduera izango dira Getxoko Habanera Jaialdiaren inguruan. Aurten publikoak "Getxo eta itsasoa" argazki erakusketaz gozatzeko aukera izango du. Erakusketa jaialdiko esparruan kokatuko da eta bertan, itsasoari lotutako zenbait argazki egongo dira ikusgai. Halaber, aurten ere Itsas Azoka izango da, iaz arrakasta handia lortu zuen eta. Besteak beste, azokan itsaskiak, bakailaoa, kontserbak eta oroigarriak erosi ahal izango dira Areetako Geltokia plazan igandera arte. Azokaren ordutegia honako hau izango da: 11:00etatik 14:30era eta 17:00etatik 22:00etara (ostegunetik larunbatera). Igandean goizeko ordutegian baino ez da zabalduko.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun