Paul Asensio gose greban dago eta Zigor Goikoetxea isolamenduan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko ira. 9a, 22:30

Algorta eta Getxoko presoen bizi baldintzek albiste txarrak ekarri dizkiete egunotan presoei eta beraien lagun eta senideei. Esate baterako, Paul Asensio algortarra (argazkian) gose greban dago Ocaña I espetxean irailaren 1etik. Bertako Euskal Preso Politikoen Kolektiboak "espetxeak ezartzen dituen mugek komunikazio batzuk garatzeko ezintasuna" eragiten dituztela salatu eta zuzendariak "arazoa konpontzeko inongo borondaterik" ez zuela ikusita, borrokaldiari ekin zion. Zigor Goikoetxea getxoztarra, berriz, Soto del Realetik Navalcarnerora eraman zuten, tartean bidaian zehar jo egin zutela, "Berria" egunkariak zabaldu duenez. Gainera, Navalcarnero espetxean preso arruntekin jarri nahi izan zuten eta Goikoetxeak uko egin zion horri. Presoa zigortzeko, isolamenduan sartu eta pasa den igandeko bisita kendu egin zioten. Era berean, Goikoetxeak gainditutako minbizia dela eta pasatu behar zuen azterketa medikua galdu egin zuen. Zigor Goikoetxearen senideak kezkatuta daude behar dituen botikak emango dizkioten.

Azkenik, Soto del Realgo kartzelan zeuden Algorta eta Getxoko beste hainbat preso sakabanatu dituzte: Mikel Saratxo Madrid II-ra eraman dute; Aitor Cotano atxilotu eta gutxira Puerto III espetxera eraman zuten. Joan zen astean, ordea, berriro Madrilera eraman zuten, diligentzia judizial batzuetarako. Igandean Alcala-Mecon zegoen, laster berriro Puerto III-ra eramateko zain. Iñigo Gutierrez Puerto I-ra lekuz aldatu dute, Arkaitz Goikoetxea atxilotu eta gutxira Alacant-eko Villena espetxera eraman zuten. Joan zen astean, ordea, Madrilera eraman zuten, diligentzia judizial batzuetarako. Igandean Valdemoron zegoen, laster berriro Villenara eramateko zain.

Ocaña I espetxeko Euskal Preso Politikoen Kolektiboko kideen oharra:

Ocaña I espetxean gose greba mugagabean aurkitzen dira iraila hasieratik

Espetxean bizi dituzten bizi baldintza jasanezinen aurrean eta zuzendaritza orain arte izan duen utzikeria ikusita bide honi ekin diote.

Ocaña I (Toledo) espetxeko Euskal Preso Politikoen kolektiboko kideok ondorengoa ezagutarazi nahi dugu:

2008ko irailaren 1etik aurrera gose greba mugagabean aurkitzen garela.

Borrokaldiaren arrazoiak kartzelan bizi ditugun bizi baldintzak dira, eta bereziki, komunikazioei dagokienean. Komunikazioak egiteko baldintzak guztiz onartezinak izateaz gain, espetxeak ezartzen dituen mugapenek komunikazio hauetako batzuk garatzeko ezintasuna eragiten dute. Berez dagozkigun eskubideak murriztuz.

Enegarren aldiz jo dugu espetxeko zuzendariarengana eta honen aldetik ez dugu arazoa konpontzeko inongo borondaterik ikusi. Beraz, eta bestelako aukerarik eman ez digutenez, minimoak diren gure aldarrikapenak kontutan hartu bitarteko borrokaldiari ekin diogu.

Ocaña I-eko Euskal Preso Politikoen kolektiboko kideak

Ocaña 2008-09-09
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun