Azken baten, kontua da unibertsitateko irakats materialak eskuratzeko sarbide libre bat konfiguratzea. Prozesuan, aurrena, unibertsitate bakoitzak OCW proiektuari atxikitu behar zaio eta, ondoren, unibertsitateetako irakasleek parte hartu behar dute haren irakats materialen argitalpenean. Hortik aurrera, material horiek jarraian argitaratuko dira, inolako murrizketarik gabe.
OCW proiektuari atxikitzeak abantaila ugari dakartza unibertsitatearentzat (erakunde gisa) eta horko ikasle eta irakasleentzat. Hala, unibertsitatea posizio hobean ipintzen da mundu mailan; ezagutzaren aurrerapenean laguntzen du, baliabide didaktikoak liberalizatuz eta baliabide horiek aurkitzeko mekanismoak eskura ipiniz; irakasleek irakaskuntzan erabiltzen dituzten baliabideak berritzera bultzatzen du; irakasleei bidea ematen die teknologia berrietara hurbiltzeko…
EHU eta OpenCourseWare
2008ko urtarrilaren 24an, Euskal Herriko Unibertsitatea OpenCourseWare Partzuergoari atxiki zitzaion. Horretarako, bulego propio bat prestatu zuen eta lehen irakasgaiak proiektuan sartu zituen. Jarraian, deialdi publiko bat egin zen, irakasleei zuzendua, indarrean zegoen ikasketa planeko irakasgaiak aurkez zitzaten, OWC irizpideak kontuan hartuz. Guztira, 82 eskaera jaso ziren, 115 irakasleen eskutik. Materia bat OCW web orrian argitaratzen denean, edonorentzat eskuragarri egoten dira irakasgaiaren inguruko irakaskuntza gida, gomendatutako irakurketa plana, ikasketa materialak, praktikak eta ariketak, autoebaluazio prozedura… Irakaslea, dagokion kontratua sinatuz, konprometitzen da materialaren originaltasuna bermatzera; era berean, bere jabetza intelektualeko eskubideak babesten dira.
Barnealdera begiratuz, proiektuari zegokion hedapena eman zaio eta hitzaldi bat antolatu da gazteleraz, “Interneten argitaratzearen lege alderdiak” izenekoa. Urte amaieran, EHUk irekian argitaratutako 23 irakasgairi dagozkien materialak izango ditu eta, 2009ko lehen hiruhilekoan, horiei 22 gehituko zaizkie. Jarraian, 2009ko deialdia egingo da, 2009. urtearen amaiera aldera 100 irakasgai izateko asmoz.