"Getxo"ko DVDa Sagar 27 bideo produktorak sei kamera erabiliz egin zuen grabaketaren emaitza izango da. Audioa, berriz, Cesar Ibarretxe teknikariak zuzendu zuen eta mahaian Jean Phocas teknikaria egon zen. Guztira 23 abesti izango ditu DVDak eta bertan agertuko dira kontzertuan parte hartu zuten musikari gonbidatuak: Jorge Arribas (La Musgaña), Faltriqueira taldea, Susane Seivane, Maia anaiak (dantzariak), Mikel Urdangarin eta Xabi (Obrint Pas).
Getxon onak eta Malagan onenak
Korrontzi taldeak 3.000 ikus-entzule batu zituen Getxo Folk Jaialdian baina mundu zabalera hedatuko ditu Getxoren izena eta bere folk doinuak, triki soinuak eta munduko musikak. Taldeak Euskal Herriko folk nortasuna markatzen duen triki soinuekin munduari begiratuko dio aurrez aurre "Getxo" lan berri horrekin. Korrontzi taldeak herriko eta folk erritmoen soinu alaiak, dantzagarriak, jostalariak eta iradokitzaileak batu ditu eta une bereziak, beroak eta pasionalak tartekatu ditu diskoan. Triki soinuak emozioz beterik utzi zuen Getxo Folk Jaialdia eta hori diskoan nabaria izango da.
Bestalde, Getxora abiatu baino lehen, abuztuaren bukaeran, Korrontzi taldeak Espainiar Estatuari eta Europari begira beste maila bat igo zuen. Malagan Eurofolk Jaialdi-Lehiaketan izan zen eta lehen saria jaso zuen. Europako hainbat talde izan zituen lehiakide eta oso maila ona eman zuen Korrontzi taldeak.