Gobela hilaren 1ean garbitu zela dio Getxoko Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko ira. 10a, 19:29

Getxoko Udalak azkar erantzun dio Gobela ibaiak kaltetutakoen elkartearen utzikeria salaketari eta Gobela ibaia garbitu eta hondakinak eta sastrakak kendu dituztela uholdeen ostean zein pasa den hilaren 1ean adierazi du. “Oraindik ibaiaren egokitzea egiten hasi ez delako pertsona batzuek urduritasuna sentitu izana ulertzen dut”, adierazi du Joseba Arregi Getxoko Udaleko Hirigintza Saileko zinegotziak (argazkian), kaltetutakoen elkartea aipatu gabe, “baina Udalak aurreikusitako eta gure eskumenak diren lan guztiak egin dituela ziurta diezaieket”. Horien artean, Arregik saneamenduaren sarearen garbiketa eta askatzea azpimarratu ditu. Sare osoa telebista kamaren bidez ikuskatu dute Ollarretxetik Etxezuriraino, Aiboako goi partea barne; egoeraren mapa berria egin da eta datu bezala, saneamendu sare horretatik 6 tona harri kendu dituzte. Gainera, egindako lan batzuk ezin izan direla lehenago egin azaldu dute, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen araudiaren arabera horiek irailetik otsailera bitartean baino ezin baitira egin. Bestalde, Udalbatzak sortutako Uholdeetako Batzorde Berezia datorren astean bilduko dela iragarri dute.

Gobela ibaia egokitzeko eta inguruneko berreskuratze egitasmo hidraulikoa Uholdeetako Batzorde Bereziak datorren astean egingo duen bileran aztertuko dute eta bertan kaltetuen elkarteetako ordezkarik parte hartuko dute. Ur Agentzia (Ura) Eusko Jaurlaritzaren menpeko erakundeak idatzitako proiektuaren nondik norakoak udal teknikariek aztertu ondoren egingo dute hausnarketa hori. Udalak Uraren eta Eusko Jaurlaritzaren arduradunekin hiru bilera burutu ditu Getxoko Ibaian egin beharreko lanak arintzeko helburuarekin. Era berean, Uholdeetako Batzorde Berezi horretan laguntzen gestioaren egungo egoera aztertuko dute eta baita ibaian eta udal saneamendu sarean burututakoak ere. Hain zuzen ere, saneamendu sarean egindako ikusketari dagokionez, sare hori hobetzeko agindutako proiektuen egoera ere ikertuko dute.

Azkenik, herritarrak etxeetan berriro sartzeko laguntza guztiak bideratu direla eta uholdeak zirela eta kaleratutako dekretuetako gainontzeko gauzak ere bideratzen ari direla gogoratu dute Udal Hirigintza Sailetik.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun