Bizkerreko emakumeen hutsuneari buruz, Eneko Mezo Getxo Futbol markako koordinatzaileak egoarekiko bere "harridura" adierazi zion UKBERRI.NETi eta Jose Maria Bravo Bizkerre taldeko presidenteak barne komunikazio arazo bati leporatu zion emakumeen presentzia eza: "neskak hemen egon beharko lirateke, gaur da eta aurkezpen eguna. Agian ez dira etorri pentsatuz gaur futbol maskulinoa aurkezteko eguna zela, baina ez zen horrela. Hortaz, beste aurkezpen bat egin beharko da emakumeak aurkezteko. Udalarekin hitz egingo dut horretaz". Bravok gogoratu zuenez, orain dela 2 urte, Iñaki Zarraoa alkatea zela, aurkeztu zen talde femeninoen Getxo Futbol marka, "baina orduan ez ziren jokalariak aurkeztu".
Ekimenean, Eneko Mezorekin batera anfitrioi lanak egin zituzten Luis Sanchez Getxo futbol taldeko presidenteak, Endika Guarrotxena Athletic-eko jokalari ohiak eta Imanol Landa Getxoko alkatea berak. Landaren arabera, atzokoak gogoratzeko eguna izango da, aurrekoa eta gerokoa guztiz ezberdinak izango baitira. Horrela, azken hiru hamarkadetan beherantz egin duen futbol getxoztarra bitarteko eta lan tekniko egokiaren bidez berriro berpiztuko den bere konfiantza azaldu zuen.