Elikagaien eskuragarritasuna eta harraparitza dira larben heriotza-tasari lotzen zaizkion faktorerik garrantzitsuenak. Horregatik, faktore horiek ditu aztergai Estibaliz Diaz Silvestrek EHUn aurkeztu duen ingelerazko doktore-tesiak: "Hiru larba pelagikoren egoera eta osaera biokimikoa Bizkaiko golkoan".
Zientzia eta Teknologia Fakultateko Landareen Biologia eta Ekologia Saileko Fernando Villate Guinea eta Jesus Mari Txurruka Argarate doktoreek zuzendu dute ikerlan hori. Diaz doktorea Biologian lizentziaduna da, eta ikertzaile gisa lan egiten du AZTI-Tecnalia fundazioan. Fundazio horretaz gainera, Bartzelonako CSICek, Espainiako Ozeanografia Institutuak eta Vigoko Unibertsitateak hartu dute parte tesiak oinarritzat hartu duen proiektuan.
Honako hipotesi honetatik abiatzen da ikerketa: hobeto elikatuta dauden larbak gehiago haziko dira eta, beraz, harraparitza eta desnutrizioa jasateko arrisku gutxiago izango dute. Baina arrain-larben metabolismoak oreka bat bilatu behar du, hazteko eta harrapariengandik ihes egiteko behar duten energiaren eta erreserbak behar dituzten garaietarako –hala nola neguan edo metamorfosian– gorde behar duten energiaren artean. Hala, batetik, antxoaren, sardinaren eta txitxarroaren ugaltzeko garaian larben elikadura-egoera eta ingurunea nolakoak diren aztertu ditu Diaz doktoreak; bestetik, espezie bakoitzak oreka hori lortzeko erabiltzen duen hazkuntza-estrategia aztertu du.
Ondo elikatutako larbak
Diaz doktorearen ikerketa Donostiaren pareko itsasaldean egin diren sei laginketatan oinarritzen da (2000ko maiatzean, ekainean eta uztailean; eta 2001eko apirilean, maiatzean eta ekainean). Ugalketa maximoko garaian, arrain-larben elikadura-ingurua deskribatzea da haren lehen helburua; horretarako, sestonaren (larbek jaten dituzten partikulen) osaera biokimikoa aztertu du. Hasierako hipotesiak zioenez, euskal kostaldeko elikadura-ingurua nahiko aberatsa da antxoa-, sardina- eta txitxarro-larbak bizirik irauteko, eta, ikertutako aldietan, emaitzak bat datoz hipotesi horrekin.
Larbek eskura duten elikagai-kantitatea eta -kalitatea neurtzeaz gainera, larben elikadura-egoera aztertu du Diaz doktoreak. Horretarako, RNA/DNA indizea hartu du kontuan, zeluletan dagoen RNA-kantitatea DNArekin alderatuta neurtzen duen indize bat, hain zuzen. Lan horren arabera, ikertutako hiru espezieen elikadura-egoera ona da. Gainera, emaitzak bat datoz aurretik egindako ikerketekin, desnutrizioak jotako oso larba gutxi detektatu baitzituzten ikerketek.
Hazkuntza-estrategiak
Larbak garatzen hasten direnetik, proteinak dira antxoaren, sardinaren eta txitxarroaren osagai nagusiak, eta, gero, lipidoak eta karbohidratoak. Denbora pasatu ahala, ordea, modu desberdinetara metatzen dituzte osagai horiek, hau da, osaera biokimiko desberdinak garatzen dituzte. Antxoaren eta sardinaren kasuan, (klupeidoak dira biak) proteina- eta RNA-portzentajeak muga jakin batera iristeraino hazten dira; lipidoak eta karbohidratoak, berriz, murriztu egiten dira espezie bakoitzaren berezko minimora arte. Txitxarroak, aldiz, oso portzentaje aldakorrak izaten ditu lehen faseetan, eta haziz doan heinean egonkortu egiten dira beste espezieen antzeko balioetara iritsi arte.
Diaz doktorearen arabera, espezie bakoitzak hazteko erabiltzen duen estrategiari erantzuten diote haien osaera biokimikoan agertu diren desberdintasunek. Izan ere, antxoaren eta sardinaren larbek aingira-itxura dute (luzexkoak dira), eta txitxarroa baino azkarrago hazi behar dute harrapariengandik ihes egiteko. Horregatik, haien metabolismoak muskuluetara zuzendutako proteinak pilatzen ditu. Txitxarroaren larba, berriz, apaburu-itxurakoa da; tamaina bereko klupeido-larba batek baino hobeto egiten du igeri –ihes egiteko erraztasun handiagoa du– eta, aho handiagoa duenez, harrapakin gehiago eta handiagoak lor ditzake.
EHUn aurkeztutako doktore-tesi horren ondorioek diotenez, bi talde morfologikoek (aingira-itxurakoek eta apaburu-itxurakoek) elikagaiak proportzio desberdinetan pilatzen dituzten arren, azkenean denek dute osaera biokimiko berdina. Diaz doktorearen ustez, beste larba-espezie batzuk ikertuko balira, proportzio horiek ere beraren ikerketan ikusi direnen antzekoak izango lirateke. Izan ere, hazkuntza- eta garapen-ereduek hautespen naturalaren arau zorrotzak jarraitzen dituzte, eta larben osaera biokimikoa eredu horien bariazio txiki bat besterik ez da.
Era berean, antxoaren, sardinaren eta txitxarroaren osaera biokimikoak dituen aldaketak beste toki batzuetan eta beste kondizio batzuekin neurtzea komeniko litzatekeela dio Diaz doktoreak. Horrek aukera emango luke ikertutako bi talde morfologikoek hazkuntza-estrategia desberdinak erabiltzen dituztelako hipotesia baieztatzeko.