Astelehenetik aurrera EHUko ikasleek matrikula egin ahal izango dute Internetez

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko ira. 11a, 22:13

EHUn lehenengo mailatik gorako ikasleek matrikulatzeko epea astelehenean, irailaren 15ean, hasiko da, eta, bigarren urtez, matrikula internet bidez egin ahal izango da. Unibertsitateko bozeramaileen arabera, "sistema hori ikasleek gero eta gustukoagoa dute; iaz, adibidez, ikasleen %20k erabili zuen". Matrikula egiteko epea irailaren 26an bukatuko da. Ordura arte, lehen mailatik gorako 38.000 ikasle baino gehiagok matrikula internet bidez egin ahal izango du. Sistema tradizionalarekin ikasleek jarritako egunean eta orduan egin behar dute matrikula, dagozkien EHUko ikastegietan horretarako egokitutako informatika geletara joanda. Nahi izanez gero, ordea, matrikula edozein tokitik egin dezakete, internet bidez. Ikasleek automatrikula noiz egin behar duten jakiteko egin dezakete kontsulta Unibertsitateko webgunean. Bertan, azalpen bideo bat dago jarrita, pausoz pauso matrikula nola egin agertzen duena. Iaz Itsas EHUko software librearen sustapenerako taldeak salatu zuen EHUk automatrikula Internetez egiteko erabiltzen duen softwareak ikasleen laurden bat baztertzen zuela Microsofteko bezeroentzat baino ez baitzegoen egina. Bestela ere, fakultateetako ordenagailuak erdara hutsean zeudela salatu zuten hainbat ikaslek.

Horrez gain, EHUko ikasleei helbide elektroniko pertsonala ematen zaie eta hainbat gestio Internet bidez egin ditzakete, besteak beste: notak ikusi, egindako eskarien egoerak kontsultatu (bekak, baliozkotzeak, eta abar), irakasgaien ordutegiak eta irakasleak kontsultatu, azterketak noiz diren ikusi eta titulua eskatu. Gainera, Campus Birtualaren bitartez ikasleek irakasgaiak egin ditzakete edo bertaratzeko eskolen gaineko laguntza jaso, baita fitxategiak biltegiratu ere, ikasle bakoitzak bere txokoa baitu. Campus Birtualera wifi bidez konektatu daitezke, EHUko edozein zentrotik.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun