Guztira, 16 euskal herritar daude Pekingo Paraolinpiar Jokoetan lehiatzen. Javier Otxoaz gain, txirrindularitzan dabiltza Aitor Oroza bilbotarra, Amador Granado gipuzkoarra eta Victor Hugo Garrido venezuelarra, aspaldi Bilbon bizi eta Erandion oso ezaguna dena. Igeriketan, berriz, Eztitxu Vivanco arrangoiztarra, Arkaitz Garcia gipuzkoarra, Sandra Gomez nafarra, Sara Carracelas oreretarra, Ana Rubio irundarra eta Richard Oribe donostiarrak osatzen dute euskal flota. Bestalde, Yolanda Martin gipuzkoarra eta Santiago Pesquera nafarra Boccian jarduten dute. Judoari dagokionez, Sheila Hernandez santurtziarra eta Laura Garcia iruindarra dira euskal ordezkariak. Atletismoan euskal herritar bakarra dabil Pekin, Javier Conde bilbotarra, alegia. Bestalde, aspaldi Madrilen bizi bada ere, Jose Fernando Garcia bizkaitarrak ere lortu du Pekinen egotea, goalball kirolean. Azkenik, Juan Manuel Uruñuela arabarra saskibaloi partidetan arbitro izaten ari da.
Dagoeneko, Javier Otxoak lortutako urrezkoa barne, bost dira euskal kirolariek lortutako dominak. Aurretik, Yolanda Martinek eta Santiago Pesquerak zilarra eskuratu zuten neska-mutilen bikotezko Boccia proban eta Richard Oribek estilo libreko 200 metroko igeriketa proban txapeldun gelditu zen. Gainera, 100 metroetako zein errelebotako 4x50 metroko kategorietan zilarra eskuratu zuen.