Itxartu Eguna ospatuko dute bihar Algortan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko ira. 12a, 23:59

Bihar, larunbata, Itxartu elkarteak berriro ospatuko du bere Itxartu Eguna. Antolatzaileek adierazi dutenez, "egun hori itxartukide guztiok elkarrekin egoteko eta ospatzeko eta gure arlo ezberdinei gehien laguntzen dien gure kanpo lagunei esker ona adierazteko aukera izango dugu". Gauzak horrela, goizeko 11:30ean abiatuko da Algortako batzokiko patioan "Getxo udalerrian dagoen kultur elkarterik garrantzitsuenaren" eguna, "Algortan oso errotuta dagoen ospakizuna". Bertan, herri kirola, umeentzako jolasak, musika eta giroa izango dira, jana eta edana ere ez direla faltako. Iluntzean, ehunaka partaideek azken agurra emango diote elkartearen egunari erromeria dela medio. Itxartu taldeak 32 urte ditu dagoeneko eta antzinean euskal dantzari talde gisa sortu bazen ere, egun hainbat disziplina jorratzen ditu elkarteak, tartean musika, abesbatza, antzerkia, mendia edota dantza bera. Argazkian, pilota izango da Itxartu Eguneko osagaietako bat. Irudian diren umeak III. Iñaki Deuna Pilota Txapelketan aritu ziren pasa den uztailean / Itxartu.

Itxartu Egunaren egitaraua:

11:30.- Pilota partidak eta umeentzako jolasak.
12:00.- Txistorrada.
13:00.- Kalejira eta trikipoteo Algortan zehar.
15:00.- Bazkaria (Paella).
16:30.- Bazkalostea: abestiak, dantzak, antzerkia eta jolasak.
18:00.- Herri kirolak (aizkolariak).
19:30.- Asaria (sadinak) eta erromeria.

Itxarturen prentsa oharra:

Itxarturen hasierak

Gure webgunetik jasota daude ondorego lerroak:

“Itxartu Taldea 1976. urtean sortu zen, Algorta-Getxon Algortako Itxartu Euskal Dantzari Taldearekin batera. Helburua euskal kultura bultzatzea zen, eta modu berezian betiko euskal kulturaren folklore adierazpena berreskuratu, zabaldu eta hedatzea. Garai horietan oso lan garrantzitsua egin zuen Iñaki Uriak (dantzarien irakaslea), Fernando Torrontegik eta Arantza Zubillagak.

1986ko martxoan eratu zen formalki Itxartu Taldea Ismael Moral presidente zela, eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Turismo Sailaren menpe dagoen Kultura Fundazioen Erregistroan inskribatu zuten. Garai horietan Euskal Kultura bultzatzen jarraitzeaz gain beste ekintza hauek ere sartu ziren: kirolak, olgetakoak, gastronomikoak, eta abar...

25. urteurrena

2002. urtean zehar gure 25. urteurrena ospatu genuen hainbat ekitaldi antolatuz. Urte horietan gure kultura tradizionala zein beste jarduera batzuk antolatzen emandako urteak izan genituen gogoan eta Itxartu Taldean dabilen jendea izan da gelditu gabe lana birsortu duena. Hori dena taldekideek egindako lanaren bidez lortu da, taldean sortu diren beharrei nahiz erronkei aurre eginez.

Gaur egungo Itxartu

Gaur egun Itxartu Taldea osatzen duten taldeak hauek dira:

Itxartu Euskal Dantzarien Taldea
Itxartu Musika Eskola
Itxartu Abesbatza
Itxartu Antzerki Taldea
Itxartu Mendigoizale Taldea
Itxartu bestelako ekintzak

25 urte baino gehiago igaro dira eta horietan zehar milaka gizonek eta emakumek, gaztek zein nagusik, hartu dute parte ekintzetan, nola edo hala. Guztioi bihotzez eskerrak eman nahi dizkiegu.

Zenbat garen

Itxartu gaur egun 227 bazkide ditu, Abesbatza, dantza, mendia eta antzerki, zein beste ekitaldi izeneko arloetan bananduta. Baina horiez gain, beren ekitaldietan askoz jende gehiagok parte hartzen du, arrazoi ezberdinegatik bazkideak ez diren partaideak alegia. Hauetako batzuk nagusiak dira, baina ehun baino gehiago oraindik 18 urte bete ez dituztelako legez bazkide izan ez daitezkeenak dira.

Beraz, 400 pertsona baino gehiago dabiltza Itxartu inguruan eten gabe ekitaldietan nola edo hala parte hartzen. Harro esaten dugu, inor mintzeko asmorik gabe (eta ez dugu uste minduko dugunik) baina zalantzarik gabe, Getxo udalerrian dagoen kultur elkarterik garrantzitsuena osatzen dugula.

Eten gabe haziz

Eta ekintza berriei ari gatzaizkio gure ateak zabaltzen. Gure ohikoei, (mendi irteerei, dantza taldearen , abesbatzaren eta antzerki taldearen entsegu eta emanaldiei, euskal musikaren tresnak ikasteko eskolari, urtarrilean antolatzen den krosari eta urriko ibilaldi neurtuari alegia) azken urte hauetan beste ekintza berriak gehitu behar zaizkie: Iñaki Deuna Pilota Txapelketa, tabernetan eta antzeko lokaletan eskaintzeko formatu txikiko ikuskizunak, abenduko san Nikolas jaiaren berreskurapena, Euskaditik kanpo jaiotako pertsonez osatutako taldeen arteko futbito txapelketa, Getxoko Milia, mus txapelketa, gitarraz abesten laguntzeko oinarrizko ikastaroa, kaleetan zehar eta tabernatan herri abestiak kantatzeko taldea, eta abar.

Itxartu Taldea
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun