Nekazaritza azoka ekologikoa izango da igandean Astrabuduan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko ira. 13a, 01:05

Astrabuduako Nekazaritza Ekologikoaren Azoka ospatuko da etzi, igandea, goizeko 10etatik 2ak arte, Jose Andres Mendiguren plazan. Axpuru Kultur Elkarteak eta EHNE laborarien sindikatuak antolatuta, aurtengoa bederatzigarren edizioa izango da, baina hirugarrena bi erakundeek elkarrekin antolatuta. Ohi bezala produktu ekologikoak landatzen dituzten Bizkaiko hogei bat baserritar eta ekoizle izango dira bertan. Adibidez, ortuko gaiak eta barazkiak izango dira 10 bat saltokitan, Larrabetzu, Mungia, Durango edota Forutik helduta. Euskal pastelak, baserriko ogia, ardi-gazta, ahuntz-gazta, txakolina, sendabelarrak, fruta, mermelada edota pastak, berriz, Urduña, Zierbena, Berriz, Abadiño, Munitibar edota Gordexolatik etorriko dira. Bertako produktuak ere izango dira Axpuru elkarteak bere saltokia ere izango duela. Baina, saltokiez gain, makina bat jarduera izango dira eguna girotzeko: Roberto Etxebarriaren eskolako trikitilariak, Astrabuduako Ipar Haizeren txistulariak eta Altzagako Gautxoriren erraldoien kalejira.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun