Bizkaiko eskifaia Eneritz Alkorta ondarrutarra entrenatzailearen aginduetara dago, Irantzu Pardavila plentziarraren laguntzaz. Biek lan gogorra izan dute abuztutik aurrera Kontxako Bandera prestatzen, talde ezberdinetako kideak koordinatzen. Patroia berriz, Oihana Goikoetxea izango da.
Aurrean, 1,5 itsas-milla izango dute, 2.778 metro, ziaboga bakarrarekin. Plentziako trainerakoak olatuz beteriko itsasoan ondo murgiltzen dira eta uste dute horrelako uretan igandera heltzeko aukera asko izango dituztela, gainera horrek trainera katalanei aldapa gora egingo litzaiekeela jakitun. Horregatik, Galiziarren lanarekin adi egongo dira.
Gizonezkoak ez jaisteko lanean
Arkoteko emakumeek aurrerantz egiten duten bitartean, gizonezkoek nahiko lan izango dute aste hauetan entrenatzen, hilaren 20an eta 21ean jokatuko duten "play-off"-en TKE San Miguel Ligako plaza mantentzeko. Izan ere, jaisteko postuetan gelditu ostean, 2005ean bezala erlojuaren kontrakoan aritu eta Laredo, Kaiku eta Meirako tripulazioei abantaila atera behar izango diete, gutxienez haietako bi aurreratuz. Bermeon eta Portugaleten horrelakorik lortu ezean, KAEn sartuko lirateke plentziarrak.