Areetako gazte bat atxilotu eta Uribe Kostako beste lagun bat zauritu zituen atzo Ertzaintzak, Donostian, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak deitu eta Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak debekatutako manifestazioan, errepresioaren aurkako erakundeak Etengabe zein Askatu.org agerkari digitalen bitartez zabaldutakoaren arabera. Jakinarazi zutenez, Asier Sellan da atzemandako mutila. Guztira bost lagun izan ziren atxilotuak eta dagoeneko aske dira guztiak. Herrizaingo Sailaren arabera, atzo ilunabarrean utzi zituzten libre. Bostak, ordea, epailearen aurretik noiz pasatuko geratu dira; deia jasoko dute. Beste seigarren baten aurka, berriz, salaketa aurkeztu du Ertzaintzak ustez agenteak iraintzeagatik. Arratsaldeko ordu biak aldera ehunka lagun Boulevard-eko oinezkoentzako aldean ibiltzen hasi ziren, antolatzaileek hasiera batean iragarritako kontrako noranzkoan. Bertan ziren dozenaka ertzain martxaren hasiera ekiditeko. Kargatu ondoren Donostiako Alde Zaharretik sakabanatu ziren manifestariak eta liskarrak hasi ziren. Zaurituak eta atxilotuak eragin zituen ertzainek buruturiko kargek. Kalez jantzitako polizia batek pistola atera eta airera hainbat tiro ere bota zituen Konstituzio plazan. Argazkian, zaurituetako bat belarritik odola dariola / Askatu.org.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!