Joan den larunbatean, goizeko 7ak baino minutu batzuk lehenago, Sopelan (BI-2122 errepidean) jazotako istripuaren lekuko izan ziren pertsonen laguntza eskatu du Eusko Jaurlaritzaren Herrizaingo Sailak, ezbeharraren zergatiak argitzeko asmoz. Atxabiribil hondartzako bidegurutzean izan zen okerra, gasolindegiaren ondoan. Istripuan, Peugeot ziklomotor baten gidaria zauritu zen auto baten aurka talka egin eta gero. Auto gidariak ihes egin zuen eta biktima, 37 urteko gizonezko getxoztarra, Gurutzetako ospitalera eraman zuten pronostiko erreserbatuko zauriekin. Gertatutakoa argitzen lagun dezakeen daturen bat emateko Getxoko Ertzainetxeko Argiketa Sailaren telefono zenbakira (944 063 420) deitzerik badago. Bestalde, egun berean, baina eguerdiko 13:00ak aldera, Leioako 57 urteko gizonezkoa zauritu zen Bilbon izandako istripuan. Azkenik, igandeko 19:55ak aldera, I.B.O. gizonezkoa Gurutzetako ospitalera eraman behar izan zuten, Erandion (N-637) gertatutako ezbeharrarengatik. Argazkian, istripu bat Algortako Getxo I institutu aurrean, 2005eko ekainean.