UGTrentzat alkateak ez du "begirune txikienik ere izan" teknikariarekin eta epaiaren "erantzule bakartzat jo" du. Horren harira Getxoko Udaleko UGTko Atal Sindikalak gogoratu du udal idazkaria lanpostuen zerrenda onartu zen Udalbatzan izan zela eta ez zuela lege eragozpenik jarri. Horregatik, galdetu du zergatik ez zaio Etxebarriari epaiaren inguruko ardurarik eskatu. Era berean, Pertsonaleko arduraduna legez kanpoko egoeran zegoela 2007ko apirilaren 27an Udalari jakinarazi ziola nabarmendu du UGTk. Baina, Udalak erantzunik eman ez eta epaitegietara jo behar izan duela gogoratu du UGTk. Orduan ere, legea aplikatu ez izana leporatu dio udal idazkariari sindikatuak.
Bestalde, PP eta PSE-EE epaitegietan duten hainbat errekurtsoetan irabaziz gero Etxebarria kaleratuko duen galdetu du UGTk. Izan ere, alderdi horiek Udalbatzan onartutako hainbat gai indarrean jarri ez izana salatu dute. Besteak beste, Arau Organikoa eta Arautegi Fiskalen Aldatzea. Kasu horietan, Etxebarriak gaiei buruzko txostenak egin zituela eta hortaz "zinegotzien oinarrizko eskubideak urratzean" ardura lukeela gogoratu du UGTk.