Euriak ez du Sopelako Euskal Jaia zapuztu

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko ira. 15a, 15:27

Euriak ez zion min handiegirik egin joan den asteburuko Euskal Jaiari, Sopelako udal iturriek nabarmendu dutenez. Lehenengo egunean, larunbatean, barazki azoka egin zen eta, horretarako, 70 salmenta postu inguru jarri zituzten Udaletxeko plazan eta inguruetan frutak, barazkiak, eztia, gazta, ogia, gozokiak, txerrikiak, txakolina eta beste hainbat jakirekin. Txoznetan ikusleek tragoxkaren bat edo mokaduren bat hartzeko aukera izan zuten. Eta trikitixa eta txalaparta doinuek alaitu zuten festa giroa. Hori gutxi balitz, bertan bildutakoek txalaparta jotzen ikasteko aukera ere izan zuten, azoka guneko hainbat lekutan. Eguerdian Uribe Bazterra bandak emanaldia eskaini zuen udaletxe ondoan. "Goiz osoan zehar tarteka euria egiten zuen, baina horrek ez zuen lortu festa zapuztea", azaldu dute tokiko arduradunek. Argazkian, Eutsuna taldeko kideak, sukalki lehiaketako irabazleak, inguruan Imanol Garai alkatea eta Leire Basauri Kultura zinegotzia dituztela.

Uribe Bazterrak jotzen hasi aurretik, gazta, barazki, lore eta fruta lehiaketaren sariak banatu zituzten Imanol Garai alkateak, Leire Basauri Kultura zinegotziak eta Periko Gorostizak eta Kepa Ormaetxeak. Lau mailetako irabazleek 130na euro jaso zituzten, garaikurraz gain. Bigarrenek, berriz, 100 euro; eta 70 euro eta ikurra hirugarrenek. Barazkietan, Urdulizko Adela Andikoetxea izan zen onena, Barrikako Jose Antonio Intxaurtieta bigarren eta Gatikako Maria Rosario Etxebarria hirugarren. Lore erakusleen artean, Barakaldoko Enedina Madariaga izan zen irabazlea, eta Laukizko Mª Jesuús Viteri bigarrena. Frutei dagokienez, Gatikako Jose Etxebarriak lortu zuen garaikurra, Urdulizko Angel Eguzkiza eta Igorreko Edurtzeta Atutxaren aurretik. Azkenik, gazta egileen artean, J. Aranburu izan zen onena, Florencio Txurruka bigarrena eta Joaquin Iriarte hirugarrena. Gainera, Jesus Olaizolari eman zioten apainketa onenaren saria (130 euro), eztia eta loreak erakusgai zituen postuak zuen itxurarengatik.

Arratsaldean, egitarauarekin jarraituz, erromeria eskaini zuten Patxi eta Konpainiak. Hainbat lagunek atsegin handiz dantza egin zuten taldearen musikarekin. Eguna amaitzeko, Zuberoako Maddi Oihenart kantariak bere taldearekin batera aritu zen, Juantxo Zeberio (pianoan), Pello Ramirez (txeloa eta eskusoinua) eta Txema Garces (kontrabaxuan) lagun zituela. Bere ahotsak ikusleak txunditzea lortu zuen, larunbat gauean euria ezezik hotza ere egin zuen arren.

Sukalkia

Igandean, “Fermin eta Eusebio” V. Sukalki Lehiaketa egin zen Udaletxeko plazan, trikitixaz girotuta. Lapikoak berotzen hasten ari zen bitartean, margoak ateratzeari ekin zioten Sopelako Zirrimarra elkarteak antolatutako pintura lehiaketan esku hartzera zihoazenek. Helburua herriko hainbat txoko margotzea zen. Bizkaiko aizkolarien bigarren txapelketa egin artean, 13:30ak aldera, sukalki lehiaketako sariak banatzen hasi ziren Imanol Garai alkateak eta Leire Basauri Kultura zinegotziak. Aurten, Etxebarriko Eutsuna taldeko sukaldariak izan ziren onenak, Gorlizko Bi Anaiak taldeak eginiko lapikoaren aurretik. Hirugarrena Peli Ruiz izan zen eta, ondorengoak, Jabilon sopeloztarra, Larrabasterrako Basilio Barriuso, Sopelako Juan Erdikorena, Txarly, Armintzako Paketin, Manu, Gatikako Talleres Ugarte eta Juan Justicia.

Pintura

Horrez guztiaz gain, 18:00ak aldera, kanpoan eginiko pintura lehiaketaren sariak banatu ziren, hauek ere Udaletxeko plazan. Lau sailkapen ezberdin izan dira aurten: A mailan (5 urtetarainokoa) Unai Pomposo izan zen garaile, Eider Billalabeitia eta Sara Pascualen aurretik. B mailan (6 eta 9 urte artean) Mikel Ruedak lortu zuen garaipena eta bigarren izan zen Nekane Pomposo, Mikel Fuentesen aurretik. Ivan March izan zen C mailako (10 eta 15 urte artean) garailea, Maialen Morales eta Asier de Miguelen aurretik. Herriko onena Betixe Saitua izan zen. Azkenik, D mailan, helduen artean, Iker Mugarra izan zen irabazlea, JoseReyes bigarren eta Paola de Miguel hirugarren.

Arratsaldean, txikienek "Txanogorritxu Rock" izenburuko haurrentzako saioa ikusi eta musikarekin dantzatzeko aukera izan zuten. Udal arduradunen hitzetan, "beste urte batez, argi gelditu da Euskal Jaia herrian jarraipen handia duen festa dela, eta inguruko auzo eta herrietatik ere jendetza etortzen dela Sopelara. Horregatik guztiarengatik, aurten ere balantze baikorra egin behar dugu, gehienbat euria egin duela kontutan izanda. Hala eta guztiz ere, jendetza handia ibili da Sopelan".
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun