Oinezkoentzako ibilaldia egingo dute larunbatean Leioan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko ira. 16a, 13:47

Leioako Udalaren Hezkuntza Sailak larunbat honetarako, irailak 20, antolatu du Oinezkoen Pausura izeneko herri martxaren laugarren edizioa. Ibilaldia 11:00etan hasiko da Sakoneta kiroldegian eta, martxa guztian zehar, ibiltariak iradokizunak eta proposamenak idazten joan beharko dira. "Herriko bideak oinezkoentzat seguruagoak eta atseginagoak egitea" du helburu ekimenak, tokiko agintarien hitzetan. Oinezkoen Pausura ibilaldia Leioarako ez hain Txikiak eta Agenda 21 egitasmoen barruan kokatuta dago. Horregatik, oraingoan ere Solasguneren laguntza izango du Udalak. Esan bezala, Sakoneta kiroldegitik abiatuko dira ibiltariak, goizeko 11etan, eta Mendibile parkean amaituko da. Bide osoa marra gorriz markatuta egongo da herriko hainbat txoko lotuz. Leku horiek guztiak oinezkoentzat seguruak diren aztertzeko ardura edukiko dute parte hartzaileek, horretarako oharrak hartuz. Oinezkoen bideak erabili beharko dituzte, baita zebra bideak ere. Argazkian, neskato bat "Leioa herri zebraduna" irakur daitekeen kamiseta aldean, iazko Oinezkoen Pausura ekimenean / Herrigune Heziekintza.

Ibilbidean zehar bost gune izango dira atsedena hartzeko: irten eta laster, lehenengoa, Avanzadako pirulian; bigarrena, Irlandesas ikastetxean; hirugarrena, J.M. Barandiaran Goikoa institutuan; laugarrena, Santsoena 26 eta 36 zenbakietan; eta azkenik, helmugan, garai batean gaztetxe izandako Mendibile jauregiaren alboan. Azken puntu horretan ibiltariek hamaiketako batez gozatu ahal izango dute, Leioako Merkatarien Elkartearen eskutik. Beranduago, bidean zehar hartutako oharrak panel batean jartzeko aukera izango dute, antolatzaileek Udalari bidaltzeko.

Kaleen segurtasuna eta oinezkoen lehentasuna

Joan den urteko martxaren helburutariko bat oztopo arkitektonikoak saihesteko proposamenak biltzea zen. Martxa eta gero, iradokizun guztiak Udalera bidali zituen Solasgunek, eta bertan, "kasu bakoitza aztertu ondoren, erantzunak eman ziren", Udaletik nabarmendu dutenez. Aurten, berriz, ekintza honek kaleen segurtasuna eta oinezkoen lehentasunari buruzko proposamenak bilduko ditu. Gainera, ibilbidea oinez egin ezin dezaketen pertsonek autobusean egiteko aukera edukiko dute, Bizkaibus enpresako N2161 zenbakidun garraioan, hain zuzen ere.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun