Besteak beste,
Berria egunkariaren edizio digitalak zabaldu duenez, Espainiako Auzitegi Gorenak Eusko Abertzale Ekintza legez kanpo uzteko epaia atera du gaur, eta 1930ean sortutako alderdi politikoa desegiteko agindua eman du. Irailean egin zuten EAE-ANVri buruzko auzi saioa, eta honek ostegunean aurkeztu zituen alegazioak. Bada, Auzitegi Gorenak kasu egin die Estatuaren abokatuak eta fiskalaren eskaerei. Hauek bi argudio nagusi erabili dituzte alderdi ekintzailearen aurka: Batasunari laguntza eta sostengu politiko-instituzionala ematea, eta Batasunarekin lotura finantza-ekonomikoa izatea. Uribe Kosta eskualdeari dagokionez, Sopelan (argazkian, Ziortza Ruiz zinegotzi ekintzailea otsailaren 28an Sopelan egindako abstentzioaren aldeko mitinean) eta Lemoizen baino ezin izan zen aurkeztu 2007ko maiatzaren 27ko udal hauteskundeetan Eusko Abertzale Ekintza; 4 eta 3 zinegotzi erdietsiz, hurrenez hurren. Udal sopeloztarrak, baina, otsailean kendu zien dirua eta, ondoren, taldea desegin zuen (Iruñea ostean bigarrena) udal batzarrak, Imanol Garai alkatearen ekimenez. Bestalde, EHAKren kontrako legez kanporatzeko auzia bihar hasiko dira aztertzen, Madrilen.