Areetako jaiekin emango du bukatutzat "udako kanpaina" Arruek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko ira. 16a, 20:06

Atzo bildutako Kultura batzordean galdetu zuen Marisa Arrue Getxoko PPren bozeramaileak (argazkian), "Mesedeetako Amaren jaietan iaz izandako gorabeherak ekiditeko zein neurriak hartuko diren; kalean udaltzain gehiago egongo ote diren edo adin txikikoei alkohola saltzen dieten dendak begiratuko dituzten, hurrenez hurren". Areetan ospatu dira asteburu honetan, irailaren 19tik 21era (egitarau osoa agendan). Joan den urtean hainbat neska-mutil mozkor egoteagatik artatu egin behar izan zituzten eta kalte batzuk sortu ziren inguruko denda batzuetan. 2007ko azaroaren 6ko prentsaurrekoan bezala, gaur helarazitako oharrean ere, bertoko jai batzordeak iaz egindako kartela izan du aipagai zinegotzi popularrak. Bertan, pare bat pertsona ageri ziren basoak eskuan eta beste pare bat eskuz egindako zigarro bat zutela, haietako bat marihuana landarea zuen elastikoa jantzita. "Alkohola eta drogen apologia" sustatzen ari zirelakoan, aipatu errotuluari egindako kritika hartu zuen abiapuntutzat Arruek, orduan, jai batzorde herrikoiei festak antolatzeko autonomia kendu nahi izateko.

Hala ere, Arruek jaiak hizpide izan dituen egun bakarra ez da izan gaurkoa. Horretara ohituta gaitu urtero. Bada, Getxoko udal arduradunak aurtengo Algortako San Inazio eta Itzubaltzeta / Romo eta Pinuetako jaietan "istiluak behera egin" dutela esaka zebiltzan bitartean, "El Correo Español" egunkarian salatu zuen Getxoko PPren bozeramaileak, Romon ETAren ikurra zintzilikatu zutela; baita hori festak "erradikalen eskuetan uzteagatik" gertatzen dela adierazi ere. San Inazio, Itzubaltzeta eta Portu Zaharreko jaietara joatea "beldurra" ematen diola gaineratu zuen Arruek. Azkenik, tokiko popularren buruak abuztuaren 10eko San Lorentzo azokan egindako paseotxoak Zigor Goikoetxea getxoztarra eraman zuen kartzelara, Arrueri "heriotza mehatxuak" egin zizkiolakoan. Eta Luis Almansa Getxoko PSE-EEren bozeramailea agudo atera zen jaietan ertzain nahikoa ez dagoela iradokiz.

Bigarren mailako jaiak?

Baina, udalerriko hiru jai handietan -besteak gutxietsi barik, noski- ez bezala, berak askotan aipatutako "politizazioa" beharrean, alkohola eta drogak dira, Arrueren ustez, Areetako jaien "arazoen pizgarri". "Ezin diegu utzi alkohola eta drogak hartzen dabiltzan gutxi batzuei auzoaren jabe egiten, kaleko hornigarriak apurtuz eta familia eta lagun artean gozatu nahi dutenei izua sorrarazten", adierazi du PPkoak. Hartara, "festak bakean gozatzea nahi duten getxoztar guztien segurtasuna bermatzeko beharrezko neurriak" hartzea eskatu dio Udalari; baina oraingoan udaltzainak bakarrik jarriz.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun