Jada, Javier Otxoak lortutako urrezkoa eta zilarrezkoa barne, hamar dira euskal kirolariek lortutako dominak. Aurretik, Yolanda Martinek eta Santiago Pesquerak zilar bana eskuratu zuten neska-mutilen bikotezko Boccia proban eta Richard Oribek lau domina eskuratu ditu. Estilo libreko 200 metroko igeriketa proban txapeldun gelditu zen Oribe eta, gainera, 50 metroetako, 100 metroetako eta errelebotako 4x50 metroko kategorietan zilarra eskuratu zuen. Igeriketan ere Sara Carracelas oreretarrak brontzea erdietsi du 50 metroetako bizkar estiloan. Azkenik Sandra Gomezek bular estioloko 100 metroetan zilarra eskuratu zuen.
Guztira, 16 euskal herritar izan dira Pekingo Paraolinpiar Jokoetan lehiatzen. Javier Otxoaz gain, txirrindularitzan ibili da Aitor Oroza bilbotarra, Amador Granado gipuzkoarra eta Victor Hugo Garrido venezuelarra, aspaldi Bilbon bizi eta Erandion oso ezaguna dena. Igeriketan, berriz, Eztitxu Vivanco arrangoiztarra, Arkaitz Garcia gipuzkoarra, Sandra Gomez nafarra, Sara Carracelas oreretarra, Ana Rubio irundarra eta Richard Oribe donostiarrak osatu dute euskal flota. Bestalde, Yolanda Martin gipuzkoarra eta Santiago Pesquera nafarra Boccian jardun dute. Judoari dagokionez, Sheila Hernandez santurtziarra eta Laura Garcia iruindarra izan dira euskal ordezkariak. Atletismoan euskal herritar bakarra ibili da Pekin, Javier Conde bilbotarra, alegia. Bestalde, aspaldi Madrilen bizi bada ere, Jose Fernando Garcia bizkaitarrak ere lortu zuen Pekinen egotea, goalball kirolean. Azkenik, Juan Manuel Uruñuela arabarra saskibaloi partidetan arbitro izan da.